Hileta laikoen enpresa baten jabea da film honen protagonista. Lana Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko da, Emanaldi Berezien barruan eta lehiaz kanpo.
Heriotza bizitza baino interesgarriagoa zaion gizona da Tomas, Azken agurra filmeko protagonista. Hileta laiko pertsonalizatuak antolatzen dituen enpresa baten jabea da; mozkortuta gidatzeagatik gidabaimena kendu diote, bera baino 25 urte gazteagoa den praktiketako ikasle batez maitemindu da, alabarekiko harremana okertzen ari zaio eta dirua zor dio boxeolari erretiratu bati. Pertsonaia horretatik abiatuta, heriotzaren eta bizitzaren arteko harremanari begiratu dio Almandozek.
Filmak Donostian egingo du mundu mailako estreinaldia. Iñigo Azpitartek eta Izaro Nietok jokatzen dituzte bi pertsonaia nagusiak, eta aktore taldean dira Josean Bengoetxea eta Iñaki Beraetxe ere. Almandozek berak idatzi du gidoia, Javier Agirre Erauso arduratu da argazkiaz, Zaloa Ziluaga zuzendaritza artistikoaz eta Aitor Etxebarria musikaz, besteak beste.
Almandozek Euskal Herriko erreferentzia kulturalak txertatu ditu filmean. Anariren musika da horietako bat. Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, erreferentzia propioak sortzea ezinbestekotzat du “burujabetza kultural eta identitario bat” eraikitzeko. “Ez litzateke gauza bera filmean Anari jartzea edo Shakira jartzea”, adierazi du. Azken agurra izenburuak berak ere hemengo dantza bati egiten dio erreferentzia, eta Euskal Herrian kokatzen duten bestelako elementuak ageri dira filmean.
Heriotza du abiapuntu filmak, baina Almandozek bizitzari buruz hitz egiteko baliatu du. Zuzendariak Basque Audiovisuali azaldu dionez, dolua pertsona guztiek noizbait bizi beharreko esperientzia da, eta, horrekin batera, gizon heldu baten “miseria txikiak” kontatzeko interesa zuen. Zinemaldiak “dramedia existentzialista” gisa aurkeztu du lana.
Azken agurra Almandozen hirugarren film luzea da, Sîpo Phantasma eta Oreina lanen ondoren. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan erakutsiko dute, lehiaz kanpo, eta mundu mailako estreinaldia izanik, Irizar Euskal Zinemaren Saria eskuratzeko hautagaien artean dago.