Ibawa kolektiboaren 'Gaua'

Ibilkik euskal sorkuntza eramango du Lapurdiko hainbat herritara udazkenean

Antzerkia, dantza, musika, literatura eta bertsolaritza bilduko ditu Ibilki programak datozen hilabeteetan Lapurdiko hainbat herritan. Udazkeneko programazioak aste honetan izango ditu lehen hitzorduak Urruñan, eta abendura arte luzatuko da.

Euskal Kultur Erakundeak sustatutako Ibilki programak udazkeneko egitarauari ekingo dio aste honetan Urruñan. Hiru egunetan hiru proposamen izango dira: Hor Hor irailaren 25ean, Neskenaren Badoa hilaren 26an eta Ibawa kolektiboaren Gaua 27an.

Urruñako hitzorduen ondoren, programak Ipar Euskal Herriko beste hainbat herritan jarraituko du. Urriaren 14an Dorleta Kortazarrek Ispiluak eramango du Baionara, eta Hazparnen ikusgai egon ondoren, Bertsolaritza – Zonbait behako erakusketa Biarritzera iritsiko da, urriaren 14tik azaroaren 12ra. Dom Campistronen Etxean liburuaren aurkezpena Bidarten izango da urriaren 17an; Ibawa kolektiboaren Gaua, Donibane Lohizunen hilaren 24an; eta Julen Magoaren Volta, Hendaian 25ean.

Azaroan ere diziplina eta herri ezberdinetako proposamenek hartuko dute lekukoa. Juan Mari Beltran laukoteak, besteak beste euskal herri musika eta soinu-tresnak izango ditu ardatz Ziburun. Gainera, Etxean liburua Uztaritzera iritsiko da hilaren 25ean. Azaroaren 28an, berriz, Niko Etxarti omenaldia egingo diote Donibane Lohizunen. Pontx pailazoaren Amatxi ikuskizunak itxiko du urteko egitaraua, abenduaren 20an Azkainen.

Ibilkiren 14. edizioak hogeita hamar bat emanaldi biltzen ditu guztira hamasei herritan. Euskal Kultur Erakundeak herriekin elkarlanean garatzen du programa, euskal sorkuntza Ipar Euskal Herriko ikusgarri geletara, mediateketara eta plazetara eramateko. Antzerkia, dantza eta musika ez ezik, zinema, literatura, bertsolaritza eta haurrei zuzendutako sorkuntza ere biltzen ditu programak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna