Mobilizazioa abenduaren 5an, larunbata, 13:30ean abiatuko da Landako Gunetik.
Euskal Herrian Euskarazek Durangoko kaleak hartzeko deia egin du abenduaren 5erako, Euskara hizkuntza antifaxista lelopean. Duela bi urte “hizkuntza larrialdiaren alarma” jo zuen mugimenduak, “iratzartzeko dei” gisa, eta oraingoan euskararen egoeraren aurrean kontzientzia hartu eta antolatzeko beharra berretsi du.
EHEren arabera, eskuin muturra eta faxismoa gero eta presenteago daude instituzioetan zein kalean. Autoritarismoan, militarismoan, errepresioan eta kolektibo gutxiagotuen zapalkuntzan sakontzea egotzi die, eta herritarren eskubide sozialak murriztea. Testuinguru horretan, euskara ere “jopuntuan” dagoela dio, eta euskaldunen aurkako erasoak, sententzia judizialak, epaiketak eta diskurtso euskarafoboak ugaritzen ari direla salatu du.
Horren aurrean, olatu erreakzionarioari aurre egiteko eta justizia sozialaren alde kalera ateratzeko deia egin du, baita herri mugimenduko eragileen arteko aliantzak sendotzekoa ere. EHEk euskaraz egin nahi du bide hori, eta “Euskal Herri antifaxista euskaraz izango delako edo ez delako izango”, adierazi du.
Mugimenduak, hala ere, zehaztu du euskara edo euskalduntasuna ez direla berez eskuin muturreko ideia eta diskurtsoen aurkako “antidotoa”. Horregatik, euskara faxismoari aurre egiteko tresna izatea aldarrikatu du: “Euskara hizkuntza antifaxista”.
EHEk euskararen egoera Estatu espainiar eta frantsesarekin ere lotu du. Bi estatuak “kolonial eta inperialista” gisa definitu ditu, eta haien menpe euskararen bazterketa betikotuta dagoela adierazi du. Horren aurrean, independentzia aldarrikatu du “zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri euskalduna” eraikitzeko.
Manifestazioa abenduaren 5ean, larunbata, 13:30ean abiatuko da Durangoko Landako Gunetik.