Azkoitiko idazleak euskarazko modalitateko saria eskuratu du 41 poemaz osatutako Ene onetsiari lanarekin. Gaztelaniazko modalitatean, Begoña M. Ruedak irabazi du Los estigmas poema bildumarekin. Bi lanak 2027ko udaberrian argitaratuko dituzte.
Maite Lopez Las Herasek Ernestina de Champourcin Poesia Lehiaketaren 36. edizioko euskarazko saria irabazi du Ene onetsiari lanarekin. Elena Beitikoetxea izenordezarekin aurkeztu zuen lana, eta epaimahaiaren puntuaziorik altuena jaso du euskarazko modalitatean.
41 poemez osatuta dago Ene onetsiari eta kronologikoki antolatuta daude. Epaimahaiaren arabera, egitura horrek batasuna eta koherentzia ematen dio poema bildumari, pieza bakoitzak bere autonomia galdu gabe.
Lanaren aberastasuna ere nabarmendu du epaimahaiak, bai irudien erabileragatik —horietako batzuk ezohikoak dira euskal literatura tradizioan—, bai hizkuntzagatik. Zenbaitetan tonu profetikoa hartzen duela eta hausnarketetan “irtenbide errazak” saihesten dituela azpimarratu du. Epaimahaiaren iritziz, “irakurketa iradokitzailea eta sakona da, harrapatzen zaituena aurrera egin ahala”.
Maite Lopez Las Heras, Azkoitian jaio zen 1985ean,Azkoitian, eta Filologia Klasikoan lizentziaduna, idazlea, poeta eta itzultzailea da. Greziar eta latindar klasikoen eta emakumeek idatzitako poesiaren euskarazko itzulpenean egindako lana nabarmentzen da haren ibilbidean. Besteak beste, Safo, poesia guztia eta Poetandreak literatura greko-latindarrean argitaratu ditu. Sorkuntzaren alorrean, Amatu amatasunari buruzko saiakera eta, aurten, Hasieran bazen hitza, eleberri historikoen trilogia baten lehen lana, kaleratu ditu.
Gaztelaniazko modalitateko saria, berriz, Begoña M. Ruedak eskuratu du Los estigmas poema bildumarekin. Epaimahaiak aho batez aukeratu du lana, porrot pertsonala, familiaren ondarea, osasun mentala, laneko jazarpena, maitasuna eta desamodioa, eta emakumeen arteko harremanak bezalako gaiak lantzeko moduagatik.
Aurtengo lehiaketara 155 lan aurkeztu dira: 137 gaztelaniaz eta 18 euskaraz. Irabazle bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu, eta bi poema bildumak argitaratu egingo dituzte. Argitalpenak Gasteizen aurkeztuko dituzte 2027ko udaberrian.