(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Oier Etxeberriak irabazi du Altsasuko saioa eta Miarritzen kantatuko du finalaurrekoetan

Oier Etxeberria nagusitu zen larunbatean Altsasun jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko bigarren saioan. 672,5 puntu bilduta, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara eta azaroaren 14an Miarritzen kantatuko du. 500 bertsozale inguru elkartu ziren Burunda pilotalekuan.

Oier Etxeberriak irabazi zuen larunbatean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak Altsasun egindako saioa. Lehen faseko bigarren hitzordua izan zen, eta 500 lagun inguru bildu ziren Burunda pilotalekuan.

Etxeberriarekin batera aritu ziren Eneko Araiztegi Korta, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Imanol Uria, Txaber Altube eta Eñaut Martikorena, Maialen Belarra gai-jartzaile zutela. Ariketa puntuagarriak amaituta, Etxeberriak lortu zuen puntuaziorik altuena, 672,5 punturekin.

Haren atzetik sailkatu ziren Eneko Araiztegi Korta, 659,5 punturekin; Txaber Altube, 648,5ekin; Imanol Uria, 647,5ekin; Iñigo Mantzizidor Mantxi, 638rekin; eta Eñaut Martikorena, 637,5 punturekin.

Saioa irabazita, Etxeberriak zuzenean eskuratu du finalaurrekoetako lehen itzulirako txartela, eta azaroaren 14an Miarritzen kantatuko du. Altsasun aritu ziren gainerako bost bertsolariek lehen fasea amaitu arte itxaron beharko dute puntuazioaren arabera finalaurrekoetara sailkatu diren jakiteko.

Altsasukoaren biharamunean jokatu zen lehen faseko hirugarren saioa Lekeition. Bertan Ane Labaka nagusitu zen, 681 punturekin, eta azaroaren 7an Gernika-Lumon jokatuko den finalaurrekorako zuzeneko sailkapena eskuratu zuen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna