Ane Labaka nagusitu zen larunbatean Lekeition jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko hirugarren saioan. 681 puntu bilduta, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara eta azaroaren 7an Gernika-Lumon kantatuko du. Santi Brouard pilotalekuan ia 1.000 bertsozale elkartu ziren.
Ane Labakak irabazi zuen larunbatean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren hirugarren saioa, Lekeition. Santi Brouard pilotalekuko sarrera guztiak agortuta, ia 1.000 lagunek jarraitu zuten lehen faseko hirugarren hitzordu hau.
Labakarekin batera aritu ziren Eneritz Artetxe, Maddalen Arzalluz, Aitor Bizkarra, Aroa Arrizubieta eta Aner Peritz, Idoia Anzorandia gai-jartzaile zutela. Ariketa puntuagarriak amaituta, lehia estua izan zen lehen postuetan: Labakak 681 puntu eskuratu zituen, Aner Peritzek 679, Maddalen Arzalluzek 677,5 eta Aitor Bizkarrak 676. Eneritz Artetxek 646 puntu bildu zituen eta Aroa Arrizubietak 616.
Saioa irabazita, Labakak zuzenean lortu du finalaurrekoetarako sailkapena, eta azaroaren 7an Gernika-Lumon kantatuko du. Lekeition aritu ziren gainerako bost bertsolariek lehen fasean lortutako puntuazioaren arabera izango dute aurrera egiteko aukera.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen faseak Donapaleun eta Tolosan izango du jarraipena datorren asteburuan. Bi saioak 17:00etan hasiko dira. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke Bertsozale Elkartearen webgunean, eta saioen egunetan 15:30ean zabalduko dituzte txarteldegiak.