Lagatako lanak Gordailuan zeuden orain arte. Vicente Ameztoy, Isabel Baquedano, Nestor Basterretxea, Gema Intxausti, Elena Odriozola, Dora Salazar eta Jose Luis Zumeta dira bilduman ageri diren artistetako batzuk.
Artelekuko serigrafia tailerrean sortutako 88 lanek Artium Museoaren bilduma osatuko dute aurrerantzean. Gipuzkoako Foru Aldundiak komodatuan lagatako serigrafia eta litografiak Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, egon dira orain arte gordeta.
Serigrafia tailerra Artelekuren sorkuntza-ereduaren parte izan zen. Zentroak 1987an ireki zituen ateak, eta esperimentazioa, praktika artistikoa, ekoizpena eta artearen pedagogia uztartu zituen 2014an jarduera amaitu zuen arte. Testuinguru horretan, serigrafia tailerra ez zen inprimatzeko gune hutsa: ikasketa praktikorako, esperimentaziorako eta proiektu artistikoak garatzeko espazioa ere izan zen.
Ikastaroetako irakasleek zein parte-hartzaileek erabili zuten tailerra, eta elkarrekin lan egiteko eta ikasteko gune bihurtu zen. Jarduera horren ondorioz serigrafia-tirada ugari eta artelan multzo zabala sortu ziren.
Artiumera iritsitako lanen artean daude Vicente Ameztoy, Isabel Baquedano, Nestor Basterretxea, Gema Intxausti, Diego Matxinbarrena, Elena Odriozola, Jurgen Partenheimer, Dora Salazar eta Jose Luis Zumetaren lanak, besteak beste. Piezen azterketa, digitalizazioa eta katalogazioa egitea ahalbidetuko du lagapenak, baita horiek jendaurrean zabaltzea ere.
Artelekuren artxiboa ere sarean
88 artelanen lagapenarekin batera, Artelekurekin lotutako dokumentu-funts bat digitalizatu eta sarean jarri du Artium Museoak. Materiala museoaren Dokumentazio Zentroak katalogatu du, eta Artiumen webgunearen bidez kontsulta daiteke.
Dokumentazioa Artelekun zehar. 1987-2002. Artxiboan oinarritutako Artelekuri buruzko erakusketa bat prestatzeko egindako ikerketaren parte izan zen. Erakusketak Artelekuren lehen urteetan jarri zuen arreta, eta Euskal Herriko praktika artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanak aztertzeko Artiumek azken urteotan egindako erakusketa-sortaren azken atala izan zen.
Dokumentu-funtsak Artelekun garatutako praktika artistikoak, ekoizpen-prozesuak eta lan egiteko moduak ezagutzeko materiala biltzen du. Digitalizazioarekin, 1990eko eta 2000ko hamarkadetako euskal testuinguru artistikoa eta Artelekuren inguruan sortutako sareak ikertzeko material hori jendearen eskura jarri dute.
Artiumen egungo Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) aurkezpenean ere Artelekurekin lotura izan zuten hainbat sortzaileren lanak daude, tartean Ana Laura Alaez, Juan Perez Agirregoikoa, Sergio Prego, Estibaliz Sadaba, Itziar Okariz eta Azucena Vieites.