Mikel Zalbidek emeritu izatean utzitako hutsunea beteko du, eta zortzi hilabeteko epea izango du sarrera-hitzaldia prestatzeko.
Jon Sarasua Maritxalar Euskaltzaindiko kide osoa izango da aurrerantzean. Akademiako euskaltzain osoek Iruñeko udaletxean egindako iraileko osoko bilkuran bozkatu dute izendapena, eta Sarasuak Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa eskuratu du.
Mikel Zalbidek utzitako hutsunea beteko du Aretxabaletako soziolinguistak. Zalbide maiatzaren 9an igaro zen emeritu izatera, 75 urte betetzean, eta ondoren zabaldu zuen Euskaltzaindiak haren lekua betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Uztaileko osoko bilkuran aurkeztu zuten hautagai bakarra Sarasua izan zen.
Euskaltzain oso berriak zortzi hilabeteko epea izango du sarrera-hitzaldia prestatzeko. Epe bera izango du hari erantzuteko idazkia egingo duen euskaltzainak, eta ondoren egingo dute Sarasuaren harrera-ekitaldia.
Jon Sarasua Aretxabaletan jaio zen 1966an, eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. EHUn Informazio Zientzietan doktorea, 28 urtez aritu da Mondragon Unibertsitateko irakasle titular, 1998tik 2026ra. HUHEZI fakultateko Gizarte Zientzien Saileko eta Komunikazio Saileko zuzendari ere izan da.
Bere ibilbidean hizkuntza gutxituen, euskal kulturgintzaren, hezkuntzaren eta kooperatibagintzaren inguruan egin du lan. Hainbat graduondoko eta masterren sustatzailea izan da, eta Garabide elkarteko zuzendaritza-taldeko kidea da 2006tik. Dozenatik gora liburu eta ehunka artikulu argitaratu ditu, bakarka zein beste egile batzuekin batera.
Euskaltzaindiarekin ere aurretik zuen lotura. 2021ean izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta urte hartatik Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da. Euskararen Gogoetagunea koordinatzen du 2022tik, eta Mintzola proiektuaren zuzendaria da Eñaut Agirrerekin batera. 2025etik, gainera, herri-kulturgintzari buruzko ikerketa-proiektu baten eratzaile eta arduraduna da.
Sarasuaren izendapenarekin, 102 dira Euskaltzaindiak 1918tik izendatutako euskaltzain osoak. Gaur egun, Akademiak 24 euskaltzain oso eta 13 euskaltzain emeritu ditu.