(argazkia: Errenteriako Udala)

Bertsolaritza eskolak Herri Arte Eskolaren eskaintzan txertatuko ditu Errenteriako Udalak

Antolaketa aldaketaren ondorioz, eskolak urtarrilean hasiko dira; eskaintza azaroan aurkeztuko dute eta izen-ematea abenduan zabalduko da.

Errenteriako bertsolaritza eskolak Herri Arte Eskolaren eskaintzaren parte izango dira aurrerantzean. Azken urteetan Xenpelar Bertso Eskola Kultur Elkartearen bidez eman izan dira, baina elkarteak joan den ikasturtearen amaieran jarduera bertan behera uztea erabaki ondoren, zerbitzua zuzenean ematea erabaki du Udalak.

Aldaketak ikasturte honetako egutegian izango du eragina. Zerbitzua antolatzeko hainbat urrats administratibo egin behar ditu Udalak, tartean bertsolaritza eskolak emango dituen irakaslea kontratatzea eta tasa berriak zehaztea. Horregatik, eskolak urtarrilean hasiko dira, Herri Arte Eskolaren bigarren hiruhilekoarekin batera.

Eskaintza zehatza azaroaren hasieran jakinaraziko du Herri Arte Eskolak. Abenduan, berriz, ate irekiak egingo dituzte Niessenen, eskolaren egoitzan, eta orduan zabalduko dute izena emateko epea.

Bertsolaritza Herri Arte Eskolan sartzearekin batera, matrikularen tasak ere egokituko ditu Udalak, gainerako diziplinetakoekin bateratzeko. Aldaketa mailaka egingo dute eta, lehen ikasturte honetan eskolak urtarrilean hasiko direnez, ikasleek bi hiruhilekori dagokien zenbatekoa ordainduko dute.

Udalak aitortu du urtarrilean hasteak eragozpenak sor ditzakeela gaztetxoen eta familien eskolaz kanpoko jardueren antolaketan. Joan den ikasturtean eskolak “ezustean” bertan behera utzi behar izan zituela azaldu du, eta ikasturte honetako egokitze-fasea gaindituta, datorren ikasturtean bertsolaritza eskolek normaltasuna berreskuratzea espero du.

Bertsolaritza, Hitza diziplinaren barruan

Udalaren arabera, bertsolaritza Herri Arte Eskolaren eskaintzan sartzea “urrats naturala” da. Eskolak Musika, Dantza, Antzerkia, Hitza eta Arte Plastikoak/Ikusizkoak lantzen ditu, eta bertsolaritza Hitza diziplinaren barruan kokatuko dute.

Esparru horretan ahozko zein idatzizko adierazpen artistikoa lantzen da, besteak beste, raparen, spoken word-aren, idazketa sortzailearen eta gidoigintzaren bidez. Bertsolaritza gehituta, ahozko inprobisazioa, metrika eta herri-ondarearen sorkuntza ere landuko dituzte.

Udalak adierazi du aldaketak bertsolaritzaren transmisioa eta irakaskuntza Herri Arte Eskolak kultura- eta sormen-hezkuntzaren inguruan egiten duen lanaren barruan kokatuko dituela.

Zabaldu:

Utzi erantzuna