Elsa Oliarj-Ines, Euskal Zinemaren Irizar Sariarekin (argazkia: Zinemaldia - Jorge Fuembuena)

Elsa Oliarj-Ines zinemagilearen ‘Txakun txakür’ filmak irabazi du Euskal Zinemaren Irizar Saria

Zortzi urtez haur talde berari jarraituta, besteen begiradapean haztea eta taldearen barruan norbere lekua aurkitzea ditu ardatz filmak.

Elsa Oliarj-Inesen (Atharratze, 1988) Txakun txakür filmak irabazi du Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko Euskal Zinemaren Irizar Saria. Zinemaldian mundu mailako estreinaldia egin duten euskal film luzeen artean aukeratu du lana Marta Etura, Simon Blondeau eta Txani Rodriguezek osatutako epaimahaiak.

Zortzi urtez filmatutako ez-fikziozko lana da Txakun txakür. Oliarj-Inesek haur talde bati jarraitu dio urte horietan, eta Elise izeneko neskatoak onartua izateko egiten duen ahalegina da kontakizunaren ardatzetako bat. Zuzendaria bere haurtzaroko ikastolara itzuli zen filma egiteko, eta bertako jolastokian hemeretzi haur grabatu zituen, hiru urte zituztenetik hamaika urte bete arte.

Filmaren sinopsiak zuzendariaren beraren begiradatik aurkezten du prozesua. Hasierako galdera —“nola hazten gara besteen begiradapean?”— abiapuntu hartuta, urteetan zehar jolastokian gertatutako aldaketak jasotzen ditu, harik eta haurretako bat besteek jotzen dutela ikusten duen arte, eta ordura arte ikusi ez duenaz galdetzen dion bere buruari.

Oliarj-Inesek berak jaso zuen Irizar Saria larunbateko sari banaketa ekitaldian, Marta Eturaren eskutik. Saria jasotzean, Txakun txakür “erdigunearen eta periferiaren arteko indar harremanak iraultzeko” ahalegina ere badela adierazi zuen.

Txakun txakür Zinemira sailean aurkeztu dute. Euskal Zinemaren Irizar Sariak 20.000 euroko zuzkidura du, filmaren ekoizleentzat.

Txakun txakür Oliarj-Inesen lehen film luzea da. Aurretik Dans leur jeunesse il y a du passé (2014) eta Basahaideak (2017) film ertainak egin ditu; azken hori FIPA, Escales Documentaires eta Dock of the Bay jaialdietan hautatu zuten.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna