(argazkia: Cristina Enea Fundazioa)

‘Tokiko artoak’ erakusketak elikagai horren aldaerak, kokalekuak eta berezitasunak jarriko ditu balioan

Basaburu Ttikian, Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan bizirik dirauten tokiko 27 arto-barietate ezagutzeko aukera eskaintzen du Cristina Enea Fundazioaren erakusketa berriak. Abenduaren 21era arte egongo da ikusgai Donostiako Ingurumen Baliabideen Zentroan.

Artoak leku garrantzitsua izan du Euskal Herriko isurialde atlantikoko nekazaritzan eta elikadura-kulturan, baina haren laborantzak eta kontsumoak nabarmen egin dute behera azken urteotan. Horrekin batera, mendeetan herri eta haran bakoitzeko baldintzetara egokitutako tokiko barietateetako asko desagertzen ari dira.

Errealitate horri begiratzen dio Cristina Enea Fundazioaren Haziera proiektuak antolatutako Tokiko artoak erakusketak. Honetan, Basaburu Ttikian, Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan identifikatutako 27 tokiko arto-barietateren ezaugarriak, kokalekuak eta berezitasunak ezagutzera ematen dira, fitxa eta irudien bidez.

Barietateak 2025ean egindako prospekzio-lan batean identifikatu zituzten. Lehen karakterizazioa egiteaz gain, horietako bakoitzak desagertzeko duen arriskua ere aztertu zuten. Marc Badal Haziera proiektuaren arduradunaren hitzetan, 27 barietate horiek “mirari txiki bat” dira, inguruko tokiko arto-barietate gehienak desagertu diren testuinguruan.

Tokian tokiko ingurumen baldintzetara egokitutako artoak dira, eta usainari, zaporeari eta koloreari lotutako ezaugarri propioak dituzte. Tokiko ekoizleentzat ere aukera interesgarriak eskain ditzaketela nabarmendu dute erakusketaren sustatzaileek.

Hala ere, barietate horien iraupena ez dago bermatuta. Badalek ohartarazi du arto horiek mantentzen eta ugaltzen dituzten pertsonak gero eta gutxiago direla eta horietako asko adinean aurrera doazela. Gainera, gaur egun etxe gutxitan lantzen da artoa.

Testuinguru horretan, Zubietako herri-errotaren lana ere nabarmendu du Hazierako arduradunak. Haren arabera, ezaugarri horietako errota komunitarioaren adibide bakarra da Euskal Herrian, eta “ziurrenik Europan ere”, antzeko gehienak erabilera pribatukoak baitira.

“Barietate horietako bakoitzaren atzean ezagutza, lana eta lurraldearekin harremanak izateko modu bat daude, eta merezi du kontserbatzea”, adierazi du Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziak. Haren esanetan, landutako biodibertsitatea babesteko, barietate horiek ezagutu ez ezik, erabiltzen eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraitzea ere beharrezkoa da.

Ikerketaren emaitzak, urriaren 29an

Tokiko artoak erakusketak 27 barietateen fitxa eta irudiekin batera tokiko artoari lotutako hiztegi txiki bat ere biltzen du. Erakusketa abenduaren 21era arte bisitatu ahal izango da Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroan.

Horrez gain, urriaren 29an, Marc Badalek 2025ean tokiko arto-barietateen inguruan egindako azterketaren emaitzak aurkeztuko ditu, herritarrei irekitako saio batean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna