(argazkia: Euskaltzaindia)

Bernardo Atxaga euskaltzain emeritu bilakatu da

Akademiak haren hutsunea betetzeko prozesua abiatu du: hautagaitzak urriko eta azaroko osoko bilkuretan aurkeztu ahal izango dira, eta euskaltzain oso berria 2027ko urtarrilean aukeratuko dute.

Bernardo Atxaga, Jose Irazu, euskaltzain emeritu bilakatu da, uztailaren 27an 75 urte bete ondoren. Euskaltzaindiaren barne-arauek adin horretara iristen diren euskaltzain osoak emeritu izatera igarotzea ezartzen dute. Atxaga 2006tik izan da euskaltzain oso.

Haren lekua betetzeko prozesua ere zabaldu du Euskaltzaindiak. Euskaltzain osoek urriko eta azaroko osoko bilkuretan aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak, eta proposamen bakoitzak hiru euskaltzain osoren babesa izan beharko du. Hautaketa 2027ko urtarrileko osoko bilkuran egingo dute.

Emeritu izateak ez du esan nahi Atxagak Euskaltzaindiarekin duen lotura amaituko denik. Euskaltzain emerituek euskaltzain osoen eskubideak gordetzen dituzte eta osoko bilkuretan zein batzordeetan parte har dezakete, ahotsarekin eta botoarekin. Erakundeko ardurak hartzeko betebeharrik, ordea, ez dute.

Euskal literaturaren nazioarteko erreferente

Asteasun jaioa 1951n, bere benetako izena Jose Irazu da. Euskal literaturako ibilbide oparoenetako bat osatu du. 1970eko hamarkadan argitaratu zituen lehen lanak, tartean Ziutateaz (1976) eta Etiopia (1978), eta ondoren etorri ziren Bi anai (1985), Obabakoak (1988), Behi euskaldun baten memoriak (1991), Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995) eta Soinujolearen semea (2003), besteak beste.

Obabakoak izan da haren lanik ezagunenetako bat, eta Euskadi Saria eta Espainiako Narratiba Sari Nazionala jaso zituen. Ondorengo urteetan Zazpi etxe Frantzian (2009), Nevadako egunak (2013), Etxeak eta hilobiak (2019) eta Kilker bat autopistan (2020) argitaratu ditu, beste hainbat lanen artean.

Atxagaren obra hogeita hamabost hizkuntzatan irakur daiteke, eta haren hainbat liburu zinemara eta antzerkira ere eraman dituzte. Obaba, Zeru horiek, Bi anai eta Soinujolearen semea filmetarako egokitu dituzte, eta Calixto Bieitok Obabakoak taularatu zuen 2017an.

Zabaldu:

Utzi erantzuna