Euskadiko Filmategiaren Klasikoak programak hamaika film eskainiko ditu Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen. Casablanca, Yôjinbô, La ciociara eta La reine Margot izango dira ikusgai, besteak beste; hainbat saiotan, gainera, Jeanine Meerapfel eta Ana Diez zinemagileak eta Gerald Duchaussoy Cannes Classics Programazioko zuzendaria izango dira filmak aurkezten.
Zinemaren historiako hamaika film ikusteko aukera eskainiko du urritik abendura Euskadiko Filmategiaren Klasikoak programak, Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan. Emanaldiak Gasteizko Artium Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Donostiako Tabakaleran, Iruñeko Golem zinemetan eta Donibane Lohizuneko Le Select aretoan egingo dituzte.
Programa Zinemaldiarekin abiatu zen, Jose Giovanniri eskainitako atzera-begirakoarekin eta Zinemaldiko Klasikoak sailarekin. Datozen hiru hilabeteetan, berriz, hainbat garai eta herrialdetako filmen bidez jarraituko du zinemaren historiari begira.
Zikloaren hurrengo etapa urriaren 7an hasiko da Gasteizen, Michael Curtizen Casablanca (1942) filmarekin. Ingrid Bergman eta Humphrey Bogart protagonista dituen klasikoa lehen aldiz emango du Euskadiko Filmategiak bere programazioan.
Haren ondoren iritsiko dira Safety Last! – Euli gizona (Fred C. Newmeyer eta Sam Taylor, 1923), Harold Lloyd eraikin bateko erlojuaren orratzetik zintzilik erakusten duen eszena ezagunekoa; Akira Kurosawaren Yôjinbô (1961); eta Ladislao Vajdaren El cebo (1958). Azken hori Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lankidetzan emango dute.
Programazioak zinema mutuaren beste klasiko bat ere berreskuratuko du, Erich von Stroheimen Queen Kelly – Kelly erregina (1929). Gloria Swanson protagonista duen filma amaitu gabe geratu zen, zuzendariaren eta aktorearen arteko liskarren ondorioz.
Emakumezko pertsonaiak erdigunean dituzten hainbat lan ere bildu dituzte aurtengo programazioan. Vittorio de Sicaren La ciociara – Dos mujeres (1960) Alberto Moraviaren eleberrian oinarrituta dago eta Sophia Loren du protagonista; Patrice Chéreaurek zuzendutako La reine Margot (1994) Isabelle Adjani Margarita de Valoisen rolean jartzen du; eta Anja Breien zinemagile norvegiarraren Voldtekt – Violación (1971) filmak sistema judiziala eta polizia-ikerketa ditu ardatz.
Jeanine Meerapfel eta Gerald Duchaussoy, Donostian eta Bilbon
Zikloak filmak egin edo haien berreskuratzean parte hartu duten hainbat lagun gertutik entzuteko aukera ere emango du. Jeanine Meerapfel zinemagile argentinar-alemaniarrak La amiga (1988) aurkeztuko du Donostian eta Bilbon. Liv Ullmann, Cipe Lincovsky eta Federico Luppi protagonista dituen filmean, Ullmannek Maiatzeko Plazako ama bat eraman zuen lehen aldiz pantaila handira. Ullmannek eta Lincovskyk emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuten 1988ko Donostiako Zinemaldian. Bilboko emanaldia Zinebiren lankidetzarekin egingo dute.
Steven Spielbergen lehen film luzeetako bat, The Sugarland Express (1974), ere programatu dute. 2024ko Cannes Classics sailean erakutsi zuten filma, eta Gerald Duchaussoy Cannes Classics Programazioko zuzendariak aurkeztuko du Donostian eta Bilbon.
Ander eta Yul, zaharberrituta
Euskal zinemak ere izango du lekua zikloan. Ana Diezen Ander eta Yul (1988) zaharberritutako bertsioan ikusi ahal izango da. Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberritu dute filma, Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan.
Iruñeko emanaldia Nafarroako Filmotekarekin lankidetzan egingo dute, eta Ana Diez zuzendari tuterarra bera izango da filma aurkezten.
Klasikoak programako emanaldietarako sarrerak egoitza bakoitzean eskuratu ahal izango dira, leihatilan zein haien webguneen bidez.