Metrokoadroka konpainiaren 'Bi baso bat ur' lanak irekiko du zikloa urriaren 7an

‘Bi baso bat ur’, ‘Zanbuila’, ‘Las Reinas Kanpina’, ‘Rikardo III eta ni’ eta ‘Sidari’ taularatuko dituzte Iruñeko Antzerki Aroan

Urriaren 7tik azaroaren 4ra egingo dute euskarazko antzerki zikloa Nafarroako Antzerki Eskolan. Metrokoadroka, Lolak kolektiboa, La Cuerda Teatroa eta Ttipia Kultura, Horman Poster eta Dxusturi Teatroa eta Xake Produkzioak izango dira aurtengo programan.

Antzerki Aroa zikloa urriaren 7an itzuliko da Iruñera, euskarazko bost antzezlan biltzen dituen programazioarekin. Azaroaren 4ra arte, asteazkenero emanaldi bana eskainiko dute Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan.

Metrokoadroka konpainiaren Bi baso bat ur lanak irekiko du zikloa urriaren 7an. Edurne Azkaratek zuzenduta, Miren Azkaratek eta Oier Guillanek idatzi dute gidoia, eta Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias aktoreak izango dira oholtza gainean. Dantza pista baten erdian, bakoitzak baso bat ur eskuetan duela, geldirik dauden lau pertsona ditu abiapuntu obrak. Tratu txarrek eragindako trauma baten ostean, alaitasunak eta umoreak jokatzen duten paperaz egiten du gogoeta antzezlanak.

Urriaren 14an, emakumeen ikusgarritasuna izango du ardatz Zanbuila antzezlanak. Irene Hernando, Amaia Ortiz de Galarreta eta Esti Curielek osatutako Lolak kolektiboak sortu eta idatzi du lana, eta hirurak dira protagonistak. Itziar 39 urteko erizainaren istorioa kontatzen du: krisi existentzial batean dago, eta beste belaunaldi bateko emakume batekin topo egiteak bere egoera beste modu batera begiratzera eramango du.

La Cuerda Teatroak eta Ttipia Kulturak hartuko dute lekukoa urriaren 21ean, Las Reinas Kanpina lanarekin. Eva Redondok zuzendutako komedia da eta emakume talde baten oporrak ditu abiapuntu. Hierarkien errepikapena, atsedenaren eta lanaren arteko harremana eta nagusikeria eramango ditu oholtzara. Maider Lekunberri, Maitane Perez eta Olatz Beobide dira antzezleak.

Urriaren 28an, berriz, Horman Poster eta Dxusturi Teatroaren Rikardo III eta ni izango da ikusgai. Igor de Quadraren zuzendaritzapean, Leire Uchak, Ion Zumelagak eta Eneritz Artetxek Shakespeareren antzezlaneko hiru amorante interpretatuko dituzte, Rikardo III tragediaren haluzinazio eszeniko baten bidez.

Xake Produkzioak taldeak itxiko du zikloa azaroaren 4an, Sidari antzezlanarekin. Iholdi Beristain, Hodei Arrastoa, Getari Etxegarai eta Kepa Errasti dira protagonistak. Jone eta Jokinek Europan intererrail moduko bidaia bati ekitea erabakitzen dute elkarrekin dauden zortzigarren urtea ospatzeko.

Antzezlan guztiak 19:00etan hasiko dira Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrera arruntak 8 euroan daude salgai, eta euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako euskara ikasleek 5 euroan eskuratu ahal izango dituzte. Bost emanaldietarako abonua, berriz, 25 eurokoa izango da. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean eta emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago San Agustin kaleko txarteldegian eros daitezke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna