Urriaren 7tik 17ra egingo dute Sagardo Astea Ezkion, Igartubeiti Baserri Museoaren 25. urteurrenarekin bat eginez. Urriaren 10ean eta 11n ospakizun berezia egingo dute, eta egitarauak antzezpenak, trikitilariak, erakusketak eta Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatuak ere bilduko ditu.
Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astearen 25. aldia ospatuko du urriaren 7tik 17ra. Aurten, gainera, museoaren beraren 25. urteurrenarekin egingo du bat hitzorduak. Egun horietan jarriko dute martxan baserriko dolarea, eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera eskainiko dute: ateratako sagar zukua hilabete batzuk geroago sagardo bihurtuko da.
Sagar prentsaketa izango da egitarauaren ardatzetako bat, baina haren inguruan bestelako jarduerak ere antolatu dituzte. Kirikoketa erakustaldiak, trikitixa, antzerkia eta erakusketak izango dira, baita Legazpiko Langileen Ibilbidea ezagutzeko bisita gidatuak ere. Urriaren 10ean eta 11n, berriz, urteurrena ospatzeko festa berezia egingo dute museoaren eta Interpretazio Zentroaren inguruetan.
Dolarea kirikoketaren erritmoan
Urriaren 10ean, 11n, 12an eta 17an kirikoketaren erritmoarekin egingo dute sagar jotzea. Sagar joaleak taldeko kideak arituko dira bertan; Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltran euskal musikaren ikertzaileak emandako lantegietan sortutako taldea da.
Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez baserria bera ezagutzeko aukera ere eskaintzen du. Hala, urriaren 10ean, 11n, 12an eta 17an, 10:45etik aurrera, antzezpenak izango dira, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarrak Kortaberria familia, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa antzeztuko baitute.
Urriaren 10eko eta 11ko ospakizunek bazkalostera arte jarraituko dute. Bisitariek bertan bazkaltzeko aukera izango dute, eta ondoren trikitilariek girotuko dute arratsaldea: hilaren 10ean Arandia anaiak ariko dira eta 11n Elustondo anai-arrebak.
Bestalde, urriaren 10ean eta 17an Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua egingo dute, 17:00etan. Interpretazio Zentroan Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketa ere ikusi ahal izango da, baserriak Euskal Herriko aldaketa ekonomiko eta sozialetara izan duen egokitzapena aztertzen duen proposamena. Igartubeitiko sagarrondoetan hazten diren sagar moten erakusketa ere izango da ikusgai.
Sagardo Asteko jardueretan parte hartzeko plazak mugatuak dira eta aurrez izena eman beharko da, Igartubeiti Baserri Museoarekin harremanetan jarrita.