(argazkia: Tabakalera)

Hogei euskal talde eta bakarlaritik gora bilduko ditu Gaztearen Musikaren Egunak Tabakaleran

Zeatikez, Belako, Tatta, Lukiek, Ane Lukin, Esanezin, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Libe Kortazar & Jon Basaguren izango dira, besteak beste, urriaren 11n Donostiako zentroan. Hamabi orduko musika eguna izango da, eta kontzertuetarako sarrera doakoa izango da, aurrez gonbidapena eskuratuta.

Gazteak Musikaren Egunaren bigarren edizioa egingo du urriaren 11n, Tabakalerarekin elkarlanean. 11:30ean hasi eta hamabi orduz, hogei euskal talde eta bakarlaritik gora igaroko dira Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko hainbat agertokitatik.

Askotariko belaunaldi eta estiloetako musikariak bilduko ditu egitarauak. Zeatikez, Belako, Tatta, Lukiek, Ane Lukin, Esanezin, Aimarz, XSakara, Kattalin eta Nenufarrak, BARRRK, Garazi Esnaola eta Herenegun ariko dira; baita Niña Coyote eta Chico Tornado, Libe Kortazar & Jon Basaguren, Apotheke 90, GAR, Mugan, Burutik, Silitia, Nhil, Mr.luken, RTZ eta Indigo ere.

Popa, erritmo urbanoak, elektronika, rocka eta bestelako proposamen alternatiboak gurutzatuko dira egun osoan. Antolatzaileen arabera, Euskal Herriko musika eszenaren aniztasuna erakustea eta artistei ikusgarritasuna ematea da egitasmoaren helburua, ibilbide luzeko musikariak eta lehen urratsak egiten ari diren sortzaileak egitarau berean elkartuta.

Ordu erdiko kontzertuak

Zuzenekoak Tabakalerako aretoetan banatuko dituzte, eta bakoitzak ordu erdiko iraupena izango du. Emanaldi guztiak doakoak izango dira, baina aurrez gonbidapena eskuratu beharko da. Kontzertuak blokeka antolatuko dituzte, eta ikusleek joan nahi duten bloke bakoitzerako erreserbatu beharko dute sarrera. Antolatzaileek aurrerago jakinaraziko dituzte blokeen ordutegiak eta gonbidapenak eskuratzeko xehetasunak.

Musikaren Eguna Tabakaleratik kanpo ere jarraitu ahal izango da. Gazteak egun osoko jarraipen berezia egingo du bertatik, eta Ainhoa Vitoriak eta Liher Larrañagak Bitan saio berezia eskainiko dute, programazioko musikariak elkarrizketatuz.

Kontzertuetara joaterik ez dutenek, berriz, zuzeneko emanaldi guztiak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte Gaztearen webgunean eta YouTube kanalean. Gaztearen eta Tabakaleraren sare sozialetan ere eguneko edukiak zabalduko dituzte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna