Arnasguneetako gazteei euskaraz sortzeko hiru erronka proposatu dizkie Arnasetik lehiaketak

10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako bideosormen lehiaketak hiru erronka berri proposatu ditu aurten: herriko esamolde eta berezitasunak ezagutaraztea, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria ematea eta sare sozialetan euskarari eusteko jarrerak lantzea. Lanak urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira.

Arnasetik bideosormen lehiaketak bosgarren aldia jarri du martxan, euskararen arnasguneetako gazteei beren herrietako hizkuntza ohiturei buruz hausnartu eta ikus-entzunezkoen bidez sortzeko proposamenarekin. UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustatutako Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatzen dute lehiaketa.

Aurtengo edizioak adinaren araberako hiru kategoria izango ditu, eta parte-hartzaileek euskarari lotutako istorioak kontatu beharko dituzte gehienez bi minutuko ikus-entzunezko lanen bidez.

LH 5. eta 6. mailako ikasleentzako Dakienak, ba al daki? erronkak herriko berezitasun eta esamoldeak izango ditu abiapuntu, galdera-erantzun lehiaketa baten bidez. DBH 1. eta 2. mailakoek, berriz, Ongi etorria erronkan arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati harrera nola egingo lioketen erakutsi beharko dute, musika eta mugimendua erabiliz. DBH 3. eta 4. mailakoek Eusle mode on izango dute erronka, eta sare sozialetan egiten duten hizkuntza erabilerari erreparatuko diote.

Antolatzaileen arabera, Aarnasetikek euskararen arnasguneek hizkuntzaren biziberritzean duten garrantzia ezagutaraztea du helburu, eta gazteei beren herrietako hizkuntza ohiturez hausnartzeko aukera eman nahi die. Aldi berean, sormena, talde lana eta belaunaldien arteko harremanak sustatu nahi dituzte.

Bost urteko ibilbidea

Bosgarren aldia dela baliatuta, orain arte egindako bidea ere gogora ekarri dute antolatzaileek. Iaz, esaterako, 205 sormen-lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta publikoaren bozketan 3.580 boto baino gehiago jaso zituzten.

Aurtengo edizioak ikastetxeetan gai horiek lantzeko baliabide berriak ere ekarri ditu. ASMAZANK plataforman hiru kategorietako edukiekin lotutako galdera sortak prestatu dituzte, eta bideogintzari buruzko webinar bat ere eskaini dute, ikus-entzunezko bat sortzeko urratsak eta metodologiak lantzeko. Saioa irailaren 29an egingo da.

Izen-ematea

Lehiaketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, eta urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira lanak arnasagara.eus webgunean.

Hiru kategorietako irabazleek 500 euroko bonua jasoko dute, eta, horrez gain, publikoaren saria ere banatuko da, 500 euroko balioarekin. Bono-sariak kultura produktu eta esperientzietan erabili ahal izango dira, besteak beste, ikas-bidaia batean, IrisarriLand parkean edo Durangoko Azokan.

Irabazleak azaroaren 26an Lekeition egingo duten ekitaldian jakinaraziko dituzte. Saritutako ikus-entzunezkoak pantaila handian erakutsiko dituzte bertan, eta kategoria bakoitzeko sariak banatuko dituzte.

Oinarriak, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna