(argazkia: Bertsozale Elkartea)

‘Danon plaza’ zirkuituak bertsolari gazteei plazarako bidea zabalduko die Bizkaian

Bertsolari gazteen plazaratzea indartzeko sortu dute Danon plaza, lehiarik gabeko zortzi saioko zirkuitua. Urriaren 8an abiatuko da, eta saio bakoitzean 25 urtera arteko lau bertsolari eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista bat ariko dira.

Bertsolari gazteei euren neurrira egindako plazak eskaintzea izango da Danon plaza bertso zirkuitu berriaren helburua. Urrian zehar zortzi saio egingo dituzte Bizkaian. Larrabetzun eta Markina-Xemeinen izango dira lehen hitzorduak.

Lehiarik gabeko zirkuitua izango da, gazteek plazan aritzeko aukera izan dezaten. Saioak dinamikoak eta biziak izatea da asmoa: ohiko bertso saioetako lanez gain, parte-hartzaileen adinera eta bertso mailara egokitutako ariketak eta jolasak egingo dituzte.

Saio bakoitzean bost bertsolari ariko dira: 18 urtera arteko bi, 18 eta 25 urte arteko beste bi eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista bat. Horrela, bertsolari gazteek eskarmentu handiagoa duten bertsolariekin partekatuko dute plaza.

18 urtera artekoen artean ariko dira Emile Zabala, Peru Cristobal, Haizea Rotaetxe, Malen Ibarzabal, Aimar Marcos, Adur Lopez, Ekhi Zuluaga, Iradi Barrenetxea, Eider Fernandez, Bañat Enbeita, Kirmen Jauregi, Haizene Merino, Amaiur Betanzos, Helene Yerga, Naroa Iturrioz eta Maddi Aurtenetxe.

18 eta 25 urte artekoen multzoan, berriz, Joseba Ortuzar, Izaro Bilbao, Ixone Asategi, Irube Basagoiti, Asier Alcedo, Jon Abasolo, Enara Gallastegi, Janire Arrizabalaga, Beñat Bilbao, Araitz Katarain, June Diaz, Maider Altuna, Haizea Telleria, Bittor Altube eta Kelmene Abaitua izango dira.

Haiekin batera ariko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistak: Aitor Bizkarra, Xabat Galletebeitia, Aissa Intxausti, Txaber Altube, Onintza Enbeita, Jone Uria, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga eta Gorka Pagonabarraga.

Danon plazako saioak urriko ostegunetan egingo dituzte, Dimakoa izan ezik, ostiralez izango baita. Publiko guztiari irekitako saioak izango dira, eta sarrera doakoa izango da guztietan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna