Euskaraz idatzitako lana Europako hizkuntza gutxituetako antzezlanak eta haien ingelesezko itzulpenak biltzen dituen liburu elektroniko batean argitaratuko dute. Bilduma urriaren 7an aurkeztuko dute Zagreben, DoSEL proiektuaren amaiera ekitaldiaren barruan.
Kepa Errastiren Sidari antzezlana Europako hizkuntza gutxituetan sortutako antzerki lanak nazioartean zabaltzeko DoSEL (Drama of Smaller European Languages) proiektuaren liburu elektronikoan jaso dute. Euskarazko jatorrizko testuarekin batera, Aritz Brantonek egindako ingelesezko itzulpena argitaratuko dute.
Liburu elektronikoa urriaren 7an aurkeztuko dute Zagrebeko Kroaziako Antzoki Nazionalean. Urriaren 6tik 8ra egingo dute bertan DoSEL proiektuaren amaiera ekitaldia, eta proiektuan parte hartu duten antzerki eta kultura erakundeetako ordezkariak bilduko dira. Kepa Errasti bera ere Zagreben izango da, Arriaga Antzokiko ordezkariekin batera.
Argitalpenaren helburua Europako hizkuntza gutxituetan idatzitako antzezlanak hizkuntza eta nazio mugetatik harago zabaltzea da, eta nazioarteko ikusle, itzultzaile eta antzerkiko profesionalen eskura jartzea.
Euskarazko bi lan
Zagreben aurkeztuko duten bilduma digitalak jarraipena emango dio Eight Plays: Drama of Smaller European Languages liburu inprimatuari. Uztailean aurkeztu zuten hura Avignongo Jaialdian, European Theatre Convention erakundeak antolatutako European Theatre Talks programaren barruan.
Liburuak Europako hizkuntzetan jatorriz idatzitako zortzi antzezlanen ingelesezko itzulpenak biltzen ditu: Euskal Herriko lana, Bulgariakoa, Kroaziakoa, Kataluniakoa, Estoniakoa, Kosovokoa, Maltakoa eta Esloveniakoa. Horien artean dago Eneko Sagardoyren Moto-Membra Jesu Nostri.
Hala, Arriaga Antzokiak proposatutako bi euskarazko lan jaso ditu DoSEL proiektuak bere argitalpenetan: Kepa Errastiren Sidari, bilduma digitalean, eta Eneko Sagardoyren Moto-Membra Jesu Nostri, paperezko liburuan.
Zagrebeko hitzorduan Izaskun Gracia Quintana itzultzaileak ere parte hartuko du. DoSEL proiektuaren barruan, Jeton Neziraj egile kosovarraren Aventurat e familjes bosh në Unmikistan lana euskarara itzuli du Graciak. Kepa Errastik eta Graciak Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzari esker parte hartuko dute ekitaldian.
Hizkuntza gutxituetako antzerkia nazioartean zabaltzeko
2024tik 2026ra garatu den DoSEL proiektuak Europako hizkuntza gutxituetan idatzitako antzezlanen itzulpena, aurkezpena eta nazioarteko ikusgarritasuna izan ditu ardatz. Zortzi antzerki eta kultura erakundek parte hartu dute egitasmoan, tartean Bilboko Arriaga Antzokia dago.
Itzulpenez gain, truke artistikoak, konpainien emanaldiak eta bestelako lankidetzak egin dituzte urteotan. Horien artean, Arriaga Antzokiak Moto-Membra Jesu Nostri Esloveniara eraman zuen.
Zagrebeko ekitaldiarekin amaituko da DoSEL proiektuaren 2024-2026 aldia. Ekimena aurrerantzean ere jarraitzeko asmoa dagoela adierazi dute sustatzaileek, baina hurrengo urratsak oraindik zehaztu gabe daude.