Erentzun eta San Fermin ikastolek elkarlanean antolatu dute aurtengo Nafarroa Oinez, Bidean bat gara lelopean. Hiru gune izango ditu ibilbideak, eta euskararen aldeko aldarrikapenarekin batera, musika, ikuskizunak eta adin guztietarako jarduerak bilduko ditu egitarauak.
Erentzun eta San Fermin ikastolek Nafarroa Oinez 2026ren egitaraua eta ibilbidea aurkeztu dituzte. Urriaren 18an egingo dute, Zizur Nagusia eta Galar artean, eta bi ikastolek urte osoan elkarrekin egindako bideari amaiera emango dio festak.
Bidean bat gara lelopean, aurtengo Nafarroa Oinezek euskararen aldeko aldarrikapen egun masiboa ere izan nahi du. Antolatzaileek Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eta euskaraz bizitzeko eskubidea aitortzea aldarrikatu nahi dute. “Euskararen kontrako oldarraldia ageriago den honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da bat egitea”, adierazi du Erentzun Ikastolako zuzendari Garbiñe Zulaikak.
Aurtengo edizioaren berezitasunetako bat ibilbidea bera izango da, Erentzun eta San Fermin ikastolak lotzeko diseinatu baitute. Zizur Nagusia-Ardoi eta Galar inguruan egingo da eta hiru gune nagusi izango ditu: bi lursailetan kokatuko dituzte, eta hirugarrena Zizur Nagusiko Luis Ibero plazaren inguruan. Hala, herrigunea eta natur ingurunea uztartuko ditu ibilbideak.
Ibilbidea, gainera, ez da soilik bi ikastolen arteko lotura izango. Antolatzaileen arabera, “euskararen alde egiten dugun bidea ere bada: euskara sustatzeko, indartzeko eta normalizatzeko bidea, eta euskaltzale guztiak elkartzeko eta sareak sendotzeko topagunea”.
Adin guztietarako jarduerak
Egitaraua bezperan hasiko da, urriaren 17an, Zizur Nagusian. Apirilean hasitako pilota txapelketako finala, Kidan magoaren emanaldia eta Lilo eta Muxutruk taldeen kontzertuak izango dira, besteak beste. Birziklapen tailerrak, Mantangorri eta artisautza azoka ere antolatu dituzte.
Urriaren 18an, berriz, kontzertuak, ikuskizunak eta haur, gazte zein familientzako jarduerak izango dira. Musika egitarauan Mochila 21, Urtz, Trikidantz, Kantu Salda, Mugan, Demode Quartet, La Basu, Eztitan, XSakara, Somak, Ortzadar, Atxa Jaunak eta Korrontzi ariko dira. Haurrek Makusiko protagonistak, Xaibor eta Go!azeneko kideak ikusteko aukera izango dute.
Gazteei zuzendutako Erronka ekimena ere egingo dute. Aurtengo berritasunen artean, berriz, Oinez gynkana familiarra prestatu dute, 6 eta 14 urte arteko haurrei eta haien familiei zuzenduta. Euskararen bidez, aurtengo leloa, logoa, kanta eta bi ikastolen arteko elkarlana ezagutaraztea izango du helburu, misterioa, elkarlana eta boluntarioekiko interakzioa baliatuta.
Antolatzaileek Nafarroa Oinez ahalik eta jasangarriena, irisgarriena eta inklusiboena izateko neurriak ere iragarri dituzte. Garraio publikoaren erabilera erraztuko dute, aparkalekuak zentralizatuko dituzte eta bizikletaz joateko aukerak sustatuko dituzte. Mugikortasun urriko pertsonentzako neurriak, edalontzi berrerabilgarriak eta elikadura behar bereziak dituztenentzako eskaintza ere izango dira.