Azaroaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira filmak eta bideoklipak, eta jaialdia urtarrilaren 20tik 22ra egingo dute Aretxabaletan.
Huhezinemak, Euskal Ikus-entzunezkoen Jaialdiak, 20. edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu du. Aurten berritasun nagusia lehiaketaren hizkuntzari lotuta dator: euskarazko lanak bakarrik onartuko dituzte, euskaraz sortzen duten zinemagileen eta ikus-entzunezko sortzaileen lana bultzatu eta ikusgarri egiteko asmoz.
Lanak bidaltzeko epea azaroaren 15era arte egongo da zabalik. Lehiaketak hiru atal izango ditu: Sail Ofiziala, Ikasle Saila eta Bideoklip Saila.
Sail Ofizialean finalista hautatutako lan bakoitzak 150 euro jasoko ditu. Huhezinemaren sari nagusia 650 eurokoa izango da, eta ikusleek aukeratutako lanak 100 eurotan baloratutako saria jasoko du.
Ikasle Sailean, berriz, film onenak 300 euroko saria izango du, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako lan onenari 200 euroko MU saria emango diote. Bideoklip Saileko lan onenak ere 300 euro jasoko ditu. Bi ataletan 100 eurotan baloratutako ikusleen sari bana izango da.
Urtarrilean, Aretxabaletan
Huhezinemaren 20. edizioa urtarrilaren 20tik 22ra egingo dute Aretxabaletan. Emanaldiak eta jarduerak Arkupe kultur etxeko zineman eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Aretxabaletako campuseko IdeiEnea aretoan izango dira.
Jaialdi hau besteengandik bereizten duen ezaugarri nagusia da, urtero, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko ikasle talde berri batek hartzen duela parte antolakuntzan.
Aurtengo ediziorako lanak aurkeztu nahi dituztenek Huhezinemak prestatutako galdetegi hau bete beharko dute azaroaren 15a baino lehen. Lehiaketaren oinarriak, sarien xehetasunak eta jaialdiari buruzko informazioa Huhezinemaren webgunean daude eskuragarri.