Haur Besoetakoa identitatearen bila jarri dute ‘Izan ala ez izan’ album berrian

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik identitatearen inguruko galderak jarri dituzte Haur Besoetakoaren abentura berrien erdigunean. Xabiroi aldizkarian argitaratutako zazpi kapitulu biltzen ditu argitalpenak.

Haur Besoetakoaren laugarren albuma argitaratu du Ikastolen Elkarteak, Izan ala ez izan izenburupean. Unai Iturriagak idatzi eta Alex Sanvik marraztutako bildumak Xabiroi komiki aldizkarian aurrez argitaratutako zazpi kapitulu biltzen ditu.

Albumak identitatea du ardatz nagusi. Aldizkarian argitaratutako atalek, bakoitzak bere ibilbidea egin arren, hari komun bat osatzen dute: nor garen, nola ikusten dugun geure burua eta besteek nola definitzen gaituzten. Haur Besoetakoaren ohiko umorea, jolasa eta abentura baliatu dituzte Iturriagak eta Sanvik galdera horiek lantzeko, eguneroko errealitatea eta irudimena uztartuta.

Album berrian, Haur Besoetakoak haur izaten jarraitu nahi du, bere izateari eutsi eta bestelako lanen zama Aimen bizkar utzita. Nerabeek, ordea, gerra deklaratuko diote, eta haien amarruan eroriko da. Egoera horrek indarraren ordez burua erabiltzera eramango du, baina horretarako bere burua non kokatzen duen argitu beharko du lehenik. Hala, inoren kontra borrokatu aurretik nor den jakiteko beharra izango du pertsonaiak.

Ia hogei urte Haur Besoetakoarekin

Iturriagak eta Sanvik 2007an argitaratu zuten Haur Besoetakoaren lehen istorioa Xabiroi aldizkarian. Ordutik, pertsonaiaren unibertsoa garatzen joan dira, eta Izan ala ez izan haren laugarren albuma da. Aurretik kaleratu zituzten litxarrerien jauna (2014), Paristik datorren artista (2018) eta itsasoak urak handi (2022).

Ia hogei urteko lankidetzan, bi sortzaileek lan egiteko modua fintzen eta Haur Besoetakoaren mundua zabaltzen jarraitu dute. Bilduma berrian ere komikiaren berezko baliabideak —irudia, hitza, erritmoa eta umorea— erabili dituzte identitatearen inguruko galderak planteatzeko.

Dani Fanok zuzentzen duen Xabiroi aldizkariaren eskutik argitaratu dute bilduma. Arantza Munduate Ikastolen Elkarteko kidearen esanetan, komikia “irakurzaletasuna sustatzeko eta euskal iruditeria gaurkotzeko tresna baliotsua da”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna