(argazkia: Bilboko Udala)

Emakumeek zuzendutako 20 film bilduko ditu Zinemakumeak Gara!ren 31. edizioak

Urriaren 20tik 31ra egingo dute Bilbon, nazioarteko estreinaldiak, zinemagileekin topaketak, tailerrak eta mahai-inguruak uztartuz. Leticia Dolerak Simone de Beauvoir saria jasoko du, eta Katixa de Silva Ruiz de Austrik Bihargi Saria.

Zinemakumeak Gara! Emakumeek Zuzendutako Zinemaren Erakusketak 31. edizioa izango du urrian Bilbon. Egitaraua urriaren 20an abiatuko da, eta hilaren 31ra arte emakume zinemagileen lanak ezagutzeko emanaldiak, topaketak, tailerrak eta mahai-inguruak egingo dituzte hiriko hainbat gunetan.

Lehen hitzordua urriaren 20an izango da Bilborocken, Klaketa. 0 ekimenaren lehen edizioarekin. Lara Izagirre zuzendariak Yerma hurrengo proiektuaren sormen prozesua izango du hizpide Maria Goiricelaya dramaturgoarekin eta Oizeder Mayo kazetariarekin. Film bat pantailara iritsi aurreko sormen prozesuko faseak, erabakiak eta zailtasunak ezagutaraztea du helburu topaketak. Ultramarino, Habana industrial eta El regalo film laburrak ere emango dituzte, eta ondoren solasaldia egingo dute.

Urriaren 23an egingo dute inaugurazio gala BBK Aretoan, Maria Urcelayk gidatuta eta Eneritz Furyaken zuzeneko musikarekin. Bertan, Leticia Dolerari Simone de Beauvoir saria emango diote, zuzendari, aktore eta sortzaile gisa egindako ibilbidea aitortzeko. Katixa de Silva Ruiz de Austrik, berriz, Bihargi Saria jasoko du, zinema eta kultura arloan egindako lanagatik.

Sei estreinaldi 

Urriaren 26tik 31ra, Golem Alhondiga zinema-aretoek emakumeek zuzendutako sei film berriren emanaldiak hartuko dituzte. Maria Martinez Bayonaren The end of it, Judith Godrecheren Memoria de chica, Manuela Martelliren El deshielo, Fernanda Tovarren Chicas tristes, Sandra Wollnerren Everytime eta Norma Vilaren Salitre eskainiko dituzte. Azken horrek Nagore Aranburu eta Haizea Carneros ditu protagonista, eta zuzendaria eta taldeko hainbat kide Bilbon izango dira filmaren inguruko solasaldian.

Zinemaren historiari ere egingo diote lekua Aitzindariak atalean. Matilde Landetaren La negra Angustias, Giovanna Ribesek Cecilia Bartolomeri buruz zuzendutako Cecilia Bartolomé: Tan lejos, tan cerca dokumentala eta Ana Mariscalen El camino emango dituzte urriaren 28tik 30era.

Bestelako gaiak ere eramango dituzte zinema-aretoetatik kanpoko jardueretara. Urriaren 26an, Maria Bestarren No estás loca. La verdad sobre la violencia vicaria dokumentala emango dute BBK Aretoan, eta indarkeria bikarioari buruzko mahai-ingurua egingo dute ondoren. Urriaren 27an, berriz, Txani Rodriguez, Garazi Albizua eta Elizabeth Casillasek gaur egungo zinema inspiratzen duten erreferentzia eta figurei buruz hitz egingo dute Alondegian.

Horrez gain, Itxaso del Castillo Airak emakumeen haserreak, amorruak eta indarkeriak zineman eta telesailetan dituzten irudikapenei buruzko Female Rage tailerra emango du urriaren 24an. Egun berean, Armeniako zinemari eskainitako saioa egingo dute La Sinsorgan.

Egitaraua Bilbotik kanpora ere zabalduko da azaroan. Basauriko Social Antzokian Marta Matuteren Yo no moriré de amor eskainiko dute azaroaren 4an, eta biharamunean Maryam Touzaniren Calle Málaga emango dute Portugaleten.

Zabaldu:

Utzi erantzuna