Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen fasea amaitu da Agurainen, 700 bertsozale ingururen aurrean. Guztira 24 bertsolari ariko dira finalaurrekoetako lehen itzulian, urriaren 24tik azaroaren 14ra bitartean.
Nerea Elustondo Plazaolak irabazi zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko azken saioa atzo, Aguraingo Lezao kirolgunean. 695,5 puntu eskuratu zituen Elustondok, eta urriaren 31n Eibarren jokatuko den finalaurrekorako sailkatu da. Aguraingo saioarekin amaitu da txapelketako lehen fasea, eta zehaztuta geratu dira finalaurrekoetako lehen itzulian ariko diren 24 bertsolariak.
Lezao kirolgunea bete zuten 700 bertsozale inguruk. Irati Martinez Izaga aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta sei bertsolari lehiatu ziren oholtza gainean.
Elustondoren atzetik, Gorka Pagonabarraga Agorria sailkatu zen bigarren, 663 punturekin. Asier Azpiroz Iztuetak 661 puntu lortu zituen; Agin Laburu Rezolak, 660,5; Aissa Intxausti Aburruzak, 639,5; eta Irantzu Idoate Funosasek, 605,5.
24 bertsolari, lau finalaurrekotan
Lehen faseko zazpi saioak jokatu ondoren, finalaurrekoetako lehen itzuliko parte-hartzaileak zehaztuta geratu dira. Lehen faseko zazpi irabazleak zuzenean sailkatu dira, eta horiekin batera puntuazio handiena lortu duten beste hamar bertsolari igaro dira hurrengo fasera. Horiei 2022ko txapelketako zazpi finalistak gehituta, 24 bertsolari ariko dira lehian.
Lehen finalaurrekoa urriaren 24an jokatuko da Larraun-Lekunberrin. Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Gorka Pagonabarraga, Saioa Alkaiza, Xabat Galletebeitia eta Xabat Illarregi ariko dira bertan, Aizpea Garmendia gai-jartzaile dutela.
Bigarren saioa urriaren 31n izango da Eibarren. Alaia Martin, Asier Azpiroz, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran igoko dira oholtzara, Igotz Alkorta aurkezle dutela.
Azaroaren 7an Gernika-Lumon izango da hirugarren finalaurrekoa. Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Ane Labaka, Aner Peritz eta Joanes Illarregi ariko dira kantuan, Igor Menika gai-jartzailearekin.
Lehen itzuliko azken saioa azaroaren 14an jokatuko da Miarritzen. Andoni Rekondo, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Oier Etxeberria eta Sustrai Colina lehiatuko dira bertan, Ainhoa Larretxea gai-jartzaile dutela.
Lau saioak 17:00etan hasiko dira, eta sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri.