Leire Bilbaok idatzi eta Ane Pikazak zuzendutako ikuskizunean ehun haur inguru, bi abeslari bakarlari, hiru aktore eta hamar musikari elkartuko dira.
Juan Crisostomo de Arriaga konpositorearen aterki baten eta ahaztutako partituren irudimenezko aurkikuntza da Arriagaren aterkia musika-ikuskizunaren abiapuntua. Arriaga Antzokiak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean sortutako ekoizpena urriaren 17an eta 18an estreinatuko dute Bilbon, haurrei eta familiei zuzenduta.
Leire Bilbao idazleak sortutako istorioak oroimenean eta denboran zeharreko bidaia proposatzen du. Aterkiaren bidez, haurtzarotik zahartzarora igarotzen den pertsonaia baten bizipenak kontatzen ditu, musikaren eta oroitzapenen bitartez. Bilboko euria etengabe agertzen da kontakizunean, hiriko kale bustiekin, itsasadarrarekin, baldosekin, uholdeekin, ontziolekin eta zirgariekin batera. Hala, Juan Crisostomo de Arriagaren musika-ondarea eta Bilboren memoria lotzen ditu obrak.
Ane Pikazak hartu ditu bere gain zuzendaritza eszenikoa eta eszenografia, eta Aitor Biainek musika-zuzendaritza. Nerea Alberdik eta Aitor Etxebarriak konposatu dute ikuskizunerako musika, Arriagaren doinu ezagunetako batzuk ere txertatuta.
Ehun haur inguru oholtzan
Ikuskizunaren ezaugarri nagusietako bat parte-hartzaileen kopurua da. Bilboko Koral Elkarteko Haur Abesbatzako eta prestakuntza-abesbatzetako 8 eta 16 urte bitarteko ehun haur inguru ariko dira kantuan, Eskolan Kantari proiektuko abesbatzen parte-hartzearekin batera. Jose Luis Ormazabal arduratuko da abesbatzen zuzendaritzaz.
Haiekin batera, Ibone Sardon sopranoa eta Julen Garcia baritonoa izango dira. Kantatzeaz gain, pertsonaiak antzeztuko dituzte, Loli Astoreka, Leire Ucha eta Itziar Manero aktoreekin batera. Zuzeneko musika, berriz, hari-, haize-, perkusio- eta elektronika-instrumentuak joko dituzten hamar musikarik eskainiko dute.
Eszenaratzea osatzeko, Betitxe Saituak diseinatu ditu jantziak, eta David Bernuesek argiztapena.
Bi emanaldi izango dira Arriaga Antzokian: urriaren 17an, larunbatean, 18:00etan, eta urriaren 18an, igandean, 12:00etan. Sarrerak 11 eta 21 euro artean daude salgai, antzokiaren webgunean eta txarteldegian.