Julen Agirre Egibarrek ‘Bloke eta Malda’ erakusketa aurkeztuko du Bilboko La Taller galerian

Erakusketa urriaren 16an inauguratuko dute Bilboko La Taller galerian, eta abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Julen Agirre Egibar artistak Bloke eta Malda erakusketa aurkeztuko du Bilboko La Taller galerian. Urriaren 16an inauguratuko dute, 19:30ean, eta abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai. Duela urte batzuk hasitako marrazki-prozesu baten emaitza da proposamena, eta naturaren eta gizakiaren esku-hartzearen arteko tentsioa du aztergai.

Erakusketak bi kontzeptu ditu abiapuntu: blokea eta malda. Artistak paisaiaren ezegonkortasunarekin lotzen du malda; blokea, berriz, gizakiaren esku-hartzearen adierazpen gisa ulertzen du. Eraikin bat, baserri bat, zementuzko egitura bat edo eskultura bat izan daiteke blokea.

Lanaren jatorrian bi erreferentzia nagusi daude: amaitu gabeko eraikinen egiturak eta malda malkartsuetan eraikitako baserriak, Gipuzkoa barnealdeko bailaretan aurki daitezkeenak bezalakoak. Horietatik abiatu ziren lehen marrazkiak, nahiz eta sormen-prozesuak aurrera egin ahala hasierako erreferentziak eraldatzen joan diren.

Bloketik maldara

Erakusketaren izenburuak berak lanaren bilakaera adierazten du. Hasieran Malda eta Bloke izena zuen proposamenak, eta blokea zen marrazkien elementu nagusia, gehienetan paperaren erdigunean kokatua. Maldak, aldiz, bigarren mailako eginkizuna zuen, blokearen sostengu gisa.

Bloke eta Malda izatera igarotzean, artistak planteamendua aldatu du, maldari protagonismo handiagoa emateko eta blokearen maila berean lantzeko. Aldaketa horrek marrazkiak antolatzeko moduan ere eragin du.

Prozesu horretan, marrazkiak figuraziora hurbildu dira, artistak nahita bilatutako norabide batean. Malda irudikatzeko moduak inguruko paisaiari erreparatzera eraman du azpeitiarra, eta, ondorioz, elementu identifikagarriak agertu dira lanetan. Trazua ere aldatu egin da.

Marrazkietan euskal iruditeriarekin lotutako elementuak ere ageri dira, arkitekturaren eta eskulturaren arteko eremuan kokatuak.

Marrazkia, ikerketaren eta sorkuntzaren ardatz

Julen Agirre Egibar (Azpeitia, 1984) artista, ikertzailea eta EHUko Arte Ederren Fakultateko Irudigintza Departamentuko irakaslea da. Arte Ederretan doktorea da 2017az geroztik, eta bere ikerketa arte garaikidearen inguruan garatzen du.

Marrazkia da bere praktika artistikoaren ardatz nagusia, nahiz eta beste diziplina batzuk ere lantzen dituen. Bereziki, arkitekturaren eta eskulturaren arteko harremanekiko interesa du.

Bere lanak hainbat erakusketa aretotan aurkeztu ditu, besteak beste, Donostiako San Telmo Museoan, Koldo Mitxelena Kulturunean, Portugalgo Museu de Laníficios da Universidade da Beira Interior-en eta San Diegoko Space 4 Art galerian. Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en egonaldi artistikoa egiteko beka eta Euskal Zine Bilerako sari bat ere jaso ditu.

Bloke eta Malda erakusketa Bilboko La Taller galerian izango da ikusgai, Zumarraga kaleko 7. zenbakian, abenduaren 4ra arte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna