(argazkia: Azpeitiko Udala)

Euskal antzerkiaren topagune izango da Azpeitia urriaren 30etik azaroaren 22ra

Euskal Antzerki Topaketen 44. edizioak hamabi antzezlan eskainiko ditu, eskola antzerkiaz gain. Komediak, kaleko antzerkia, txotxongiloak eta sormen tailerrak izango dira egitarauan, adin guztietako ikusleei zuzenduta.

Euskal antzerkiaren erakusleiho bihurtuko da Azpeitia urriaren 30etik azaroaren 22ra, Euskal Antzerki Topaketen 44. edizioarekin. Antzerkia ulertzeko eta egiteko modu desberdinak bilduko ditu aurtengo egitarauak, Soreasu antzokian, Dinamoa sormen gunean eta herriko kaleetan. Eskola antzerkiaz gain, hamabi antzezlan izango dira ikusgai, eta sormen tailerrek zein bestelako jarduerek osatuko dute eskaintza.

Egitarauaren aurkezpenean, Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak azaldu du “antzerkia ulertzeko eta egiteko modu ezberdinak” bildu nahi izan dituztela. Nagore Alkorta alkateak, berriz, topaketen ibilbidea nabarmendu du, baita antzerki konpainien interesa, publikoaren erantzuna eta euskarazko antzerkiari egiten dioten ekarpena ere. Azken hamarkadan, Azpeitiko Udala eta Kulturaz kooperatiba elkarlanean aritu dira topaketak antolatzen.

Komediak eta harremanei buruzko istorioak

Aurtengo egitarauan izango diren lanen artean, Kepa Errastiren Sidari dago. Komediak 30 urte inguruko bikote baten bidaia kontatzen du. Harremana ospatzeko Interrail bidaia egiten ari direla, bikote helduago batekin egingo dute topo, eta haiek Greziako Korfu uharteko Sidari herrira joatea gomendatuko diete. Bertan, maitasunaren kanala igerian zeharkatzen duten bikoteek betiereko maitasuna gordetzen dutela dioen kondaira ezagutuko dute. Umorearen bidez, bizitzako bidelagun izateak zer esan nahi duen planteatzen du antzezlanak.

Azaroaren 15ean, Txalo konpainiaren Rigor Mortis komedia beltza izango da ikusgai Soreasun. Dorleta Urretabizkaiak sortutako lana aitona Rufinoren heriotzatik abiatzen da. Ahoa irekita hil da, eta alargunak ez du nahi inork horrela ikus dezan. Egoera horri aurre egiten saiatzen diren bitartean, familiako harremanak eta sekretuak azaleratuko dira.

Topaketen azken egunean, azaroaren 22an, Ama begira zazu antzezlanak hartuko du oholtza. Segurako Xirikara taldeak 1980ko hamarkadan arrakasta handia izan zuen lana berreskuratu du, Idoia Urangaren eskutik. Jatorrizko umorea mantentzen saiatu dira, hainbat esketx gaur egungo egoeretara egokituta. Urangaren hitzetan, “sortzaileei egindako omenaldi xume bat da”.

Eskola antzerkia

Azaroaren 9tik 13ra eskola antzerkiaren txanda izango da. Dinamoan urte osoan antzerkia lantzen duten gaztetxoek beren lanak aurkeztuko dituzte, eta beste herri batzuetako antzerki eskoletako taldeek ere parte hartuko dute.

Xanti Agirrezabalaga antzerki irakasleak azaldu duenez, duela hogei urte baino gehiago hasi ziren Azpeitian gaztetxoentzako antzerki taldeak, eta gaur egun bost talde ari dira lanean. Topaketek ikasleei beren sorkuntzak oholtzaratzeko eta beste gazte batzuen antzezlanak ikusteko aukera ematen diete.

Aurten aurkeztuko dituzten lanen artean Supers dago. Elene Arregik eta Peru Segurolak beste ikasle batzuekin batera sortutako antzezlanak superheroien istorio bat kontatuko du, gogoetarako mezua ere izango duena.

Kaleko antzerkia eta sormen tailerrak

Soreasuko emanaldiez gain, Dinamoa sormen guneak hainbat jarduera hartuko ditu. Azaroaren 7an, Hortzmuga amestuz txotxongilo tailerra eskainiko dute, bost urtetik gorakoentzat. Azaroaren 21ean, berriz, Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek Munstro eszenikoa performance tailerra gidatuko dute.

Kaleko antzerkiak ere izango du lekua egitarauan. Azaroaren 7an, Grama kolektiboak Birakolore ikuskizuna eskainiko du Perez Arregi plazan.

Topaketen aurretik, Mikra zirku garaikideko pieza ere iragarri dute, Done Jakue kalean, 12:00etan.

Emanaldietarako sarrerak antzerkitopaketak.eus webgunean daude eskuragarri. Egitarau osoaren inguruko informazioa, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna