Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateetako irabazleak jakinarazi dituzte Donostian. Narrugorrik, Zurtz eta El diablo sobre ruedas lanengatik jasoko dituzte sariak, hurrenez hurren.
Ixiar Rozas, Yolanda Arrieta eta Kike Ibañez dira 2026ko Euskadi Literatura Sarien lehen hiru irabazleak. Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateetan saritu dituzte, hurrenez hurren. Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak jakinarazi ditu saridunen izenak, Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian, Ana Lopez Kultura Sustatzeko zuzendaria eta hiru egileak bertan zirela.
Ixiar Rozas, Euskarazko Literatura Saria
Ixiar Rozasek (Lasarte-Oria, 1972) Euskarazko Literatura Saria jasoko du Consonni argitaletxearen eskutik kaleratutako Narrugorrik lanagatik.
Epaimahaiak egilearen literatur esplorazioa nabarmendu du, hizkuntzaren bidez adierazteko modu berriak bilatzen dituelako eta literatura generoen artean mugitzen delako. Lanak hitzen biluztasuna eta hortik sortzen den indar poetikoa ditu ardatz, gorputzaren eta naturaren arteko zentzumen esperientziak proposatzen dituzten hizkuntza jokoen bidez.
Hizkuntzaren soinuarekin eta formarekin egindako esperimentazioa ere azpimarratu du epaimahaiak, baita egileak euskal tradizioan sustraitutako proposamen berritzaile bat garatzeko duen gaitasuna ere, ahozkotasunaren eta idazketaren arteko mugan.
Rozas Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Informazio Zientzietan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Narratiba, poesia, arte eszenikoetarako testuak eta testu kritikoak idatzi ditu, hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratuak. Gaur egun, arte hezkuntzako irakaslea da Mondragon Unibertsitatean, eta Arabako Lasierra herrian dagoen Azala sorkuntza espazioko kidea.
Yolanda Arrieta, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Saria
Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak (Etxebarri, 1963) Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Saria jasoko du Denonartean argitaletxeak argitaratutako Zurtz eleberriagatik.
Epaimahaiak umezurtztasunaren kontzeptuari ematen dion esanahi zabala nabarmendu du, adiera literaletik harago doana, baita pertsonaien ikuspegi desberdinen bidez osatutako kontakizun egitura ere.
Eleberriak hazkundearekin, nortasun propioaren bilaketarekin eta desberdina sentitzearekin lotutako bizipenak lantzen ditu. Bakardadea, galera eta beste pertsona batzuekin sortzen diren loturak ere jorratzen ditu. Epaimahaiak “hizkuntzaren zaintza, kontakizunaren erritmoa eta zenbait esaldiren indarra” azpimarratu ditu.
Arrieta irakaslea, antropologoa eta idazlea da. Haur eta gazte literaturan zein helduentzako literaturan ibilbide oparoa garatu du, eta idazketa sortzaileko tailerrak gidatzen ditu. Horrez gain, familiei eta hezitzaileei zuzendutako irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak garatzen ditu.
Kike Ibañez, Literatura Lanaren Ilustrazioaren Saria
Kike Ibañez Fernandezek (Donostia, 1980) Literatura Lanaren Ilustrazioaren Saria jasoko du Abuenpaso argitaletxeak kaleratutako El diablo sobre ruedas lanagatik.
Epaimahaiak lanaren “kalitate artistikoa eta narratiboa” nabarmendu ditu. Bere balorazioaren arabera, ilustrazioek ez dute testua laguntzeko funtzioa bakarrik betetzen, haren mezua aberastu eta irakurlearen esperientzia emozionala ere indartzen baitute.
Ilustrazioen estiloa, kolorearen erabilera adierazkorra, kaosaren eta ordenaren arteko oreka grafikoa eta etengabeko mugimendu sentsazioa transmititzen duten enkoadraketak ere azpimarratu ditu epaimahaiak. Egoera dramatiko batetik abiatuta, liburuak gatazkari beste begirada bat proposatzen dio, haserrea eta mendeku nahia kontakizunean txertatuta.
Ibañez ilustratzailea, artista bisuala eta idazlea da. Diseinu grafikoan eta ilustrazioan trebatu ondoren, haur eta gazte literaturan garatu du bere ibilbidea. 2016an Lazarillo Saria jaso zuen Barrios de Colores lanagatik, eta 2020an Ciclismo Épico lana Boloniako Haur eta Gazte Liburu Azokan hautatu zuten.
Gainerako saridunak urriaren 21ean jakinaraziko dituzte
2026ko Euskadi Literatura Sarien gainerako lau modalitateetako irabazleak urriaren 21ean jakinaraziko dituzte, 11:00etan, Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Euskararako Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera, Gaztelaniazko Literatura, eta Gaztelaniazko Saiakera sariak izango dira orduan ezagutaraziko dituztenak.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 20an egingo dute, 18:00etan, Bilboko Euskal Museoan.
Euskadi Literatura Sariak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak ematen ditu urtero, literatura sorkuntzaren bikaintasuna eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortzeko. Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta beste 4.000 euroko laguntza osagarria eskuratzeko aukera izango du saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.