Sortzaileek azaroaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak. Literatura, komikigintza, antzerkigintza eta arte eszenikoak bilduko ditu egitasmoak.
Udalbiltzak Geuretik Sortuak egitasmoaren laugarren edizioko deialdia zabaldu du. Euskal Herriko sortzaileek azaroaren 14ra arte izango dute euren proiektuak aurkezteko aukera, eta aurtengo berrikuntza nagusia arte eszenikoen diziplina gehitzea izango da, aurreko edizioetako zinegintzaren ordez. Beraz, literatura, komikigintza, antzerkigintza eta arte eszenikoetako proiektuak jasoko dituzte deialdian.
Euskarazko kultura sustatzea du helburu Geuretik Sortuak egitasmoak, eta sormen prozesutik lanak plazaratu arteko ibilbidea diruz eta azpiegituraz laguntzen du. Hirugarren edizioko zirkuitu nazionalak 2026 amaierara arte jarraituko du martxan, laugarren edizioko proiektuak aukeratzeko prozesua abian den bitartean.
Arte eszenikoak
Laugarren edizioan, lehen aldiz, arte eszenikoentzako atal bat izango da, zinegintzaren ordez. Antzerkigintzaren mugetatik kanpo geratzen diren edo diziplina bat baino gehiago uztartzen dituzten proposamenak aurkeztu ahal izango dira atal horretara. Besteak beste, poesia, performancea, dantza eta bertsolaritza aipatu ditu Udalbiltzak.
Balioespen batzorde batek lau diziplinetako proiektuak aztertuko ditu, eta urte amaieran hautatuko ditu diru-laguntzak jasoko dituztenak. Ondoren, proiektu bakoitzari Euskal Herriko udalerri edo udalerri multzo bat esleituko dio.
Hautatutako sortzaileek 2027an egingo dituzte sormen egonaldiak egokitutako udalerrietan. Bertan bizitako esperientzietatik abiatuta, ipuinak, komikiak, antzezlanak eta arte eszenikoetako piezak sortuko dituzte. Lan horiek 2028ko zirkuitu nazionalean aurkeztuko dira.
Deialdian parte hartu nahi duten sortzaileek azaroaren 14ko gauerdira arte izango dute dokumentazioa aurkezteko aukera.
Dokumentazioa bi modutara aurkeztu ahal izango da: posta arruntez, Udalbiltzaren Erregistrora bidalita (Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun, Gipuzkoa), edo telematikoki, Udalbiltzaren webguneko formularioaren bidez.
Solasaldiak Baionan eta Gasteizen
Deialdi berria ezagutarazteko eta aurreko edizioetako esperientziak partekatzeko, Udalbiltzak hainbat jarduera antolatu ditu urrian.
Elkarrekin batera, doako bi solasaldi ireki egingo dituzte. Lehenengoa urriaren 20an izango da, Baionako Biltxoko elkartean, Itxaro Borda eta Miren Artetxe idazleekin. Bigarrena urriaren 22an egingo dute, Gasteizko Elkar dendan, Aritz Ibarra eta Uxue Bereziartua komikigileekin.
Horrez gain, urriaren 27an, asteartea, 16:00etan, webinar bat eskainiko du Udalbiltzak. Saio horretan izen-emate sistema azalduko dute, eta interesa duten pertsonen galderei erantzungo diete.
Deialdiaren oinarriak, hemen.