La Txama taldeak ‘La Txama Vol. 2’ estudioko bigarren diskoa kaleratu du

Lehen diskoa argitaratu eta bi urtera, taldeak lan berria aurkeztu du, euskorridotik cumbiara bitarteko erritmoak uztartuz. Süne, Ene eta Kilikiren kolaborazioak bildu ditu diskoak, eta Euskal Herrian zeharreko aurkezpen bira egingo du taldeak.

La Txama taldeak La Txama Vol. 2 estudioko bigarren diskoa kaleratu du gaur, urriak 16. Lehen lana argitaratu zuenetik bi urte igaro dira, eta tarte horretan 100 kontzertu baino gehiago eskaini ditu taldeak. Disko berriarekin batera, formazio berria ere aurkeztu du.

La Txama Vol. 2 lanak lehen diskoaren unibertso sonoroari jarraipena ematen dio, estilo eta erritmo desberdinak uztartuz, euskorridoetatik hasi eta cumbiaraino. Taldeak bere nortasuna eta estetika propioa mantendu ditu lan berrian.

Süne, Ene eta Kilikiren kolaborazioak

Diskoak hiru kolaborazio biltzen ditu: Süne Bila-Bila kantuan, Ene Kaxilda abestian eta Kiliki Y si te vas kantuan.

Diskoa argitaratu aurretik, taldeak Bila-Bila aurkeztu zuen, Sünerekin elkarlanean sortutako abestia. Korrido norteño tipikoa oinarri hartuta, taldearen soka eta haize instrumentuak Süneren trikitixarekin uztartu dituzte. Maitasun istorioek ez dutela zertan garai bateko kantuek kontatzen zituzten bezalakoak izan gogoraraztea du helburu abestiak.

Bila-Bila abestiaren bideoklipa Lasturren grabatu dute, Borrokinek zuzenduta.

Hamabi kontzertu baieztatuta aurkezpen birarako

Disko berriarekin batera, La Txama oholtzara itzuliko da aurkezpen bira batekin. Oraingoz, Euskal Herrian zehar hamabi kontzertu baieztatu dituzte.

“Alaitasunez, indarrez eta ezustekoz betetako zuzenekoak” eskainiko ditu bira horretan.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna