Azaroaren 9tik 22ra egingo da jaialdia Donostian, Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak lelopean. Gutxiengoen istorioak, identitate-gatazkak eta errealitate ikusezinak izango ditu ardatz aurtengo edizioak. Literatur solasaldiez gain, antzerkia, musika eta haurrentzako jarduerak ere izango dira egitarauan.
Literaktum jaialdiak azaroaren 9tik 22ra hartuko ditu Donostiako hainbat kultur espazio. Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak lelopean, ohiko kontakizunak zalantzan jartzen dituzten istorioei eta bazterrean geratu ohi diren errealitateei erreparatuko die aurtengo edizioak. Parte-hartzaile guztien izenak azaroaren 3an jakinaraziko dituzte, baina dagoeneko aurreratu dituzte egitarauko hainbat hitzordu.
Juan Gabriel Vasquez idazle kolonbiarrak emango dio hasiera iragarritako solasaldien egitarauari, azaroaren 9an, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean. Azken urteotan El País egunkarian argitaratutako artikuluak biltzen dituen Esto ha sucedido lanaz arituko da Juan Carlos Etxeberria kazetariarekin. Ekitaldirako gonbidapenak egun berean eskuratu ahal izango dira, 10:00etatik aurrera, literaktum.eus webgunean eta Okendo Kultur Etxean.
Irati Jimenez eta Yasmina Reza, azaroaren 12an
Irati Jimenezek Gaupasa Kluba bere lehen ipuin bilduma aurkeztuko du azaroaren 12an, Ernest Lluch Kultur Etxean. Harkaitz Cano idazlearekin solasean arituko da, eta sarrera librea izango da.
Egun berean, Yasmina Rezak Casos reales azken lana izango du hizpide Okendo Kultur Etxean, Olga Grande kazetariarekin egingo duen elkarrizketan. Ekitaldirako gonbidapenak bezperan eskuratu ahal izango dira, 16:00etatik aurrera, jaialdiaren webgunean eta kultur etxean.
Gabriel Arestiren figura oholtzara
Gabriel Aresti hil zela 50 urte bete ziren iaz, eta haren figurara hurbiltzeko proposamena egingo dute Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak Gabriel Aresti Mug(h)arri pieza eszenikoaren bidez. Ibilbide sentikor eta intelektual gisa aurkeztutako ikuskizuna azaroaren 20an izango da, Antzoki Zaharrean. Sarrerak salgai daude jada.
Musikak eta antzerkiak beste hainbat hitzordu izango dituzte. Azaroaren 13an, Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek 85 kopla aurkeztuko dute Lugaritz Kultur Etxean, Amurizak txikitatik bildutako koplak oinarri hartuta.
Leku berean, La escalera de tijera eta Z Teatro konpainiek La loca historia del siglo de oro taularatuko dute azaroaren 14an. Azaroaren 20an, berriz, Jaime Liñerak eta Ékoma Teatrok Lo peor que le puede pasar a un niño antzezlana eskainiko dute. Hiru ikuskizunetarako sarrerak literaktum.eus webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko zein Lugaritz Kultur Etxeko leihatiletan eskuratu ahal izango dira.
Literaktum Txikia
Literaktum Txikiak ilustrazio lehiaketa antolatuko du aurten ere, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik seigarrenera bitarteko haurrentzat. Pinotxoren abenturak izango da aurtengo gaia, Carlo Collodi idazle italiarraren jaiotzaren 200. urteurrena dela eta.
Ilustrazioak urriaren 26tik azaroaren 10era aurkeztu ahal izango dira Donostiako Haur Liburutegi Nagusian eta kultur etxeetako liburutegietan.
Jaialdiko jarduerak hiriko hainbat gunetan egingo dira, besteak beste, kultur etxeetan, Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, San Jeronimo aretoan, Kutxa Fundazioa Klubean, San Telmo Museoan eta hiriko hainbat liburu-dendatan. Literaktumek erakundeen arteko lankidetzari eutsiko dio, literatura hiriko espazio desberdinetara eramateko.