Aratz Igartzabal bertsolariak, Iñaki Rezusta musikariak eta Mikel Alberdi artxibo arduradunak XIX. mendeko bertso idatziak berreskuratuko dituzte urriaren 22an, Europako Ondarearen Jardunaldien barruan. Museoko bildumako bertsoen bidez, garaiko pentsamendura eta gizartera hurbiltzeko aukera eskainiko dute.
XIX. mendeko bertso paperak izango dira protagonista urriaren 22an, osteguna, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan egingo den emanaldian. Aratz Igartzabal bertsolariak museoko bilduman gordetako bertsoak kantatuko ditu, Iñaki Rezustak musikatuko ditu eta Mikel Alberdi artxibo arduradunak haien testuingurua azalduko du. Saioa 19:00etan hasiko da.
Europako Ondarearen Jardunaldien barruan antolatu dute ekimena, aurtengo leloari jarraituz arriskuan dagoen ondareari arreta jartzeko. Hain zuzen ere, XIX. mendeko bertso paperak izango dituzte aztergai, “gutxi balioetsitako material iragankorra” dela nabarmenduta.
Museoak material horiek bilatzeko egindako lanaren emaitza da emanaldia. Bere bilduman jasotako bertso paperak abiapuntu hartuta, garaiko pentsamenduan eta gizartean barrena egiteko aukera proposatzen du saioak, bertsoen kantua, musika eta azalpen historikoak uztartuz.
Gainera, emanaldiak lotura zuzena du museoan ikusgai dagoen Maialen Lujanbioren Soinu ak zeinu ak soinu erakusketarekin. Izan ere, emanaldirako aukeratutako bildumako bertso paperetako batzuk erakusketa horretan ere ikus daitezke.
Horrela, museoko bildumako dokumentuak kanturako material bihurtuko dira, XIX. mendeko bertso idatziak gaur egungo entzuleengana hurbiltzeko.
Emanaldian parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako, Zumalakarregi Museoarekin harremanetan jar daiteke, 943 88 99 00 edo 659 43 45 66 telefono zenbakietara deituta, edota [email protected] helbidera idatzita.