Lau egileak gaztelaniazko literatura, euskararako literatura-itzulpena, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera modalitateetan saritu dituzte, hurrenez hurren. Sariak azaroaren 20an banatuko dituzte Bilboko Euskal Museoan.
Eli Tolaretxipi, Matias Mujika Franco de Medinaceli, Jon Gerediaga eta Mikel Ayestaran dira 2026ko Euskadi Literatura Sarien beste lau irabazleak.
Eli Tolaretxipik (Donostia, 1962) Gaztelaniazko Literaturaren Saria jaso du Cuerpos pasajeros (Ediciones Trea) poemategiagatik. Epaimahaiak lanaren kalitate linguistikoa, poemen erritmoa eta egilearen sorkuntza metaforikorako gaitasuna nabarmendu ditu. Bereziki, sustrai surrealistako irudiak eta eguneroko errealitatearekin lotutako erretratuak uztartzeko trebetasuna azpimarratu du.
Tolaretxipi poeta eta itzultzailea da, eta Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean ingeleseko irakasle aritzen da. Besteak beste, Amor muerto-Naturaleza muerta, Los lazos del número, El especulador eta Clapotis poema-liburuak argitaratu ditu. Sylvia Plath, Elizabeth Bishop, Patti Smith, Aurelia Arkotxa eta Itxaro Bordaren lanak ere itzuli ditu gaztelaniara.
Matias Mujika Franco de Medinacelik (Iruñea, 1961), berriz, Euskararako Literatura Itzulpenaren Saria irabazi du, Homeroren Odisea (Balea Zuria) euskaratzeagatik. Epaimahaiak itzulpenaren tamaina eta kalitatea azpimarratu ditu, baita greziar literatura klasikoko obra nagusietako bati euskarazko forma literario zaindua emateko egindako lana ere.
Epaimahaiaren arabera, itzulpenak euskal klasikoen eta bertsogintza tradizionalaren ezagutza sakona erakusten du. Mujikak aurretik ere jaso zuen Euskadi Literatura Saria modalitate berean: 2017an, François Villonen Testamentua lanaren itzulpenagatik.
Mujika itzultzailea eta editorea da. Filologia Klasikoko ikasketak egin ondoren, Itzulpen Masterra egin zuen. Frantsesetik, ingelesetik, alemanetik eta italieratik hainbat egileren lanak itzuli ditu euskarara; besteak beste, Goethe, Boccaccio, Maupassant, Joseph Roth eta Louis-Ferdinand Celine-renak.
Hitz poetikoari eta Gazako bizipenei buruzko saiakerak
Jon Gerediagak (Bilbo, 1975) Euskarazko Saiakeraren Saria eskuratu du Izena eta izana: (hitz poetikoari buruz) (Pamiela) lanarekin. Epaimahaiak hitz poetikoaren botereari eta esanahien eraikuntzari buruz egindako hausnarketa nabarmendu du.
Poesiaren inguruko gogoetatik abiatuta, identitatea, izatea, denboraren joana, heriotza, maitasuna, natura eta gizakiaren existentzia jorratzen ditu liburuak. Gerediaga poeta, antzerkigilea eta antropologian doktorea da. 2024an ere Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, orduan Euskarazko Literatura modalitatean, Zeru-lurren liburua lanarekin.
Azkenik, Mikel Ayestaranek (Beasain, 1975) Gaztelaniazko Saiakeraren Saria jaso du Historias de Gaza: la vida entre guerras (Península) liburuagatik. Epaimahaiak kazetaritzaren zorroztasuna eta narrazioaren kalitate literarioa uztartzeko duen gaitasuna azpimarratu du.
Lanak Gazako errealitatea bertan bizi diren pertsonen esperientzien bidez azaltzen du. Epaimahaiaren iritziz, kronika eta erreportajeen bilduma hutsetik harago doa, eta gatazkaren erdian bizi diren pertsonengan jartzen du arreta.
Ayestaran kazetaria eta idazlea da, Ekialde Ertainean espezializatua. Eskualdeko gatazken berri eman du bertatik bertara, eta gaur egun Istanbulen bizi da. Vocento taldearentzat eta EiTBrentzat egiten du lan, eta 5W nazioarteko informazio-kolektiboaren sortzaileetako bat da.
Sariak azaroaren 20an banatuko dituzte
2026ko Euskadi Literatura Sarien banaketa-ekitaldia azaroaren 20an izango da, 18:00etan, Bilboko Euskal Museoan.
Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu. Gainera, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osagarria jaso ahal izango du.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak urtero ematen ditu sariak, literatura-sorkuntza eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortzeko.