Azaroaren 12tik 15era egingo dute Donostiako espazio eta hizkuntza eszeniko berrien jaialdiaren zortzigarren edizioa, Tabakaleran eta Gazteszenan. Guztira 22 konpainia ariko dira, eta Balear Uharteak izango dira aurtengo lurralde gonbidatua.
LABO XL jaialdiaren zortzigarren edizioak dantza, antzerkia eta zirku garaikideko proposamenak bilduko ditu azaroaren 12tik 15era, Donostiako Tabakaleran eta Gazteszenan. Lau egunetan, 22 konpainiaren 22 ikuskizun eskainiko dituzte: 16 dantza-lan, lau antzerki-proposamen, zirku-ikuskizun bat eta kontzertu bat. Horrez gain, lau bitartekaritza-jardunaldi eta hainbat topaketa antolatu dituzte.
Programazioak dantza, antzerkia eta zirku garaikideko proposamenak bilduko ditu, hainbat estreinaldirekin. Euskal Herriko konpainiez gain, Portugalgo, Frantziako eta Espainiako estatuetako eta Estoniako sortzaileek parte hartuko dute. Estoniako ordezkaritza LABO XL jaialdian izango den lehen aldia izango da.
Bestalde, aurtengo lurralde gonbidatua Balear Uharteak izango dira, eta bertako lau konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira: BAALen Post-Human (Cybil-la), Alejandro Fusterren hem caigut i he tancat els ulls, Maya Triay eta Mariona Jaumeren S’Albufera eta La Perrerie-ren Yo soy un cuerpo. Elisenda Farre Secall Institut d’Estudis Baleàrics erakundeko kultura arloko burua ere jaialdian izango da.
Inaugurazioan, azaroaren 12an, Compañia X talde eibartarrak Cuerpas estreinatuko du. Konpainia LABO XLk eta Tabakalerak elkarlanean garatutako EKI programan hautatu zuten, eta bertan egindako egonaldi artistikoaren emaitza aurkeztuko du.
Egitarauan beste hainbat sortzaile eta konpainia ere izango dira, besteak beste, Ninika Kolektiboa, Ane Zapirain Gorostegi, Infinitudrama, Proyecto Larrua, Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Saguxar. Azken horrek Ametsak, denbora eta soinua (live) kontzertua eskainiko du azaroaren 14an.
Artisten, programatzaileen eta publikoaren arteko topaketak
Ikuskizunez gain, lau bitartekaritza-jardunaldi antolatu dituzte. Horien artean daude dantzaren, lurraldearen eta komunitatearen inguruko topaketa; konpainien eta programatzaileen arteko Bileratxoak; programazio berezien esperientziei buruzko mahai-ingurua; eta EDADEI Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa Topaketaren seigarren edizioa.
Jaialdiak hiru egonaldi artistikoren emaitzak ere erakutsiko ditu. Aideko programaren barruan Nere Gurrutxaga eta Daniel Lezso aritu dira; EKI programan Compañia X hautatu dute; eta Iturri programan Proyecto Larruaren Bigarren mugimendua lana.
Jaialdian doako jarduerak eta sarrera behar duten ikuskizunak izango dira. Abonuak, eguneko sarrerak eta banakako sarrerak www.labo.eus webgunean jarriko dituzte salgai.