Larraun-Lekunberrin jokatutako saioan 746,5 puntu eskuratuta, finalaurrekoen bigarren itzulirako zuzeneko sailkapena lortu du bertsolari hendaiarrak. Beñat Gaztelumendi sailkatu da bigarren, 733 punturekin. Hurrengo finalaurrekoa larunbatean, urriaren 31n, jokatuko da Eibarren.
Amets Arzallusek irabazi zuen larunbatean, urriaren 24an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Larraun-Lekunberriko Plazaola kirolgunean jokatutako saioan 746,5 puntu bildu zituen, eta finalaurrekoen bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Hala, abenduaren 5ean Bilbon jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du.
Lehen fasea amaituta, finalaurrekoei ekin zien txapelketak larunbatean. Sarrera guztiak agortuta, 1.450 bertsozale inguru elkartu ziren Plazaolan, eta beste hainbat lagunek Internet eta telebista bidez jarraitu zuten saioa.
Sei bertsolari aritu ziren oholtza gainean, Aizpea Garmendia Iartza gai-emaile zutela: Amets Arzallus, Gorka Pagonabarraga, Beñat Gaztelumendi, Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza eta Xabat Galletebeitia.
Arzallusen atzetik, Beñat Gaztelumendik lortu zuen puntuaziorik altuena, 733 punturekin. Hirugarren Saioa Alkaiza sailkatu zen, 689,5 punturekin; laugarren Xabat Illarregi, 674,5 punturekin; bosgarren Xabat Galletebeitia, 664 punturekin; eta seigarren Gorka Pagonabarraga, 624 punturekin. Bost bertsolari horiek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoen bigarren itzulirako sailkatzeko aukera.
Finalaurrekoekin batera, bertsolariek egin beharreko ariketak ere aldatu dira. Zortziko handian eta txikian binaka aritu ondoren, puntuka osatu zituzten zortzi bertso. Jarraian, bertsolari bakoitzak hiru bertso kantatu zituen bakarka, emandako gaiari erantzunez, nahi zuen doinu eta neurrian. Saioa hamarreko txikiko binakako lanarekin amaitu zuten.
Hurrengo finalaurrekoa, larunbatean Eibarren
Txapelketak urriaren 31n izango du hurrengo hitzordua, Eibarko Ipurua kiroldegian. 17:00etan hasiko den saioan Alaia Martin, Asier Azpiroz, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ariko dira.
Finalaurrekoetako bigarren saiorako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri.