Seigarren edizioak haurrei, helduei eta ikastetxeei zuzendutako egitaraua eskainiko du. Ixabel Agirresarobe, Josune Garcia de Bikuña, Nerea Anso eta Mitxel Elortza izango dira parte hartuko duten sortzaileetako batzuk.
Ahozkotasuna, ilustrazioa, ipuina, musika eta poesia uztartuko ditu aurten ere Ipuingarria Izango Da jaialdiak. Duela sei urte Karrikiriren inguruan sortutako egitasmoak ipuinen inguruko hainbat jarduera eskainiko ditu Iruñeko hiru gunetan: Kondestable jauregian, Ziudadelako Armen Aretoan eta LABAn.
Azaroaren 5ean eta 6an, ikastetxeentzako jarduerek emango diote hasiera egitarauari. Kondestable jauregian, Odei Arregik eta Imanol Arabaolazak ipuin-kontaketak eskainiko dituzte, eta Olaia Benitok eta Ane Arzelusek ilustrazio tailerrak gidatuko dituzte.
Haurrentzako ipuinak eta emanaldi musikatuak
Ziudadelako Armen Aretoak azaroaren 6tik 8ra hartuko ditu haurrentzako proposamenak. Ostiralean, Ixabel Agirresarobek Joxe Moxe kitarraren etxean gertatutakoak kontatuko du. Larunbatean, berriz, Nerea Ansok eta Mitxel Elortzak ipuin-kontaketak eta tailerrak eskainiko dituzte. Arratsaldean, Josune Garcia de Bikuñak eta Pili Martinek Nora doaz euri tantak? ipuin-kontaketa musikatua aurkeztuko dute.
Igandean, Peru Magdalena eta IbonRGren Lotaldia saioa izango da, Lo kantak disko-liburuaren aurkezpenarekin batera. Halaber, 2026ko Etxepare saria irabazi duen Afonia lana aurkeztuko dute Naroa Martinez idazleak eta Unai Ruiz ilustratzaileak.
Helduentzako saioak Laban
Helduentzako egitaraua ere prestatu dute. Azaroaren 6an, 19:30ean, Ixabel Agirresarobek Babak eltzetik ateratzen ipuin-kontaketa eskainiko du Laban, Gazteluko plazan. Hurrengo egunean, ordu berean, Josune Garcia de Bikuñak Txoriak bezala hegan ipuin-kontaketa musikatua aurkeztuko du.
Lau egunetan zehar, beraz, ipuinak entzuteko, ilustrazio tailerretan parte hartzeko eta ahozko kontakizunez gozatzeko aukera izango da Iruñean, haurrei zein helduei zuzendutako jarduerekin.