(argazkia: Ondarroako Udala)

Literatur Amuak jaialdiak inoizko egitarau zabalena aurkeztu du

Urriaren 29tik azaroaren 22ra egingo dute jaialdia, literatura, bertsolaritza, musika, antzerkia eta bestelako kultur adierazpideak uztartuz. Herriko taldeek eta eskualdeko sortzaileek protagonismo berezia izango dute aurtengo egitarauan.

Euskarazko sormenari eskainitako hitzordua izango da berriro Literatur Amuak jaialdia Ondarroan. Udalak eta herriko taldeek elkarlanean antolatutako egitarauak 14 jarduera bilduko ditu ia hilabetez, herriko hainbat txokotan. Literaturaz gain, zinema, poesia, ilustrazioa eta hitzaldiak ere izango dira, besteak beste.

Aurtengo edizioan tokiko sortzaileen parte-hartzea nabarmenduko da. Besteak beste, Pilar Arrieta, Kaiet Bengoetxea, Mikel Etxaburu, Xabat Lertxundi, Ugaitz Alegria, Irene Aranbarri eta Ainhoa Etxebarria izango dira egitarauan. Herriko hainbat taldek ere parte hartuko dute, tartean Bertsutanek, Txitxin Potxinek, Zientziaren Giltzak elkarteak eta Unanue Udal Musika Eskolak.

Jaialdia ostegunean, urriaren 29an, hasiko da, Zientziaren Giltzak elkartearen Soinuaren zientzia. Ahots bat mila ahots narrazio musikatuarekin. Maraian atria biolin-jotzaileak eta Ugaitz Alegria eta Nerea Gartzia narratzaileek eskainiko dute saioa, 18:30ean, Kofradia Zaharrean.

Literatur sariak ere, egitarauaren barruan

Azaroaren 5ean, Augustin Zubikarai nobela bekaren XXVI. edizioko irabazlea jakinaraziko dute. Aurretik, 18:00etan hasiko den ekitaldian, Joxemari Urteagak Ekaitz Herrera elkarrizketatuko du, aurreko urteko bekari esker idatzitako Neguberria nobelaren inguruan. Ondoren, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak aurtengo irabazlearen berri emango du.

Egun berean egingo dute XV. Nanoipuin Lehiaketako sari banaketa ere, literatur sorkuntzari lotutako bi hitzorduak jaialdiaren barruan bilduz.

Jarduera guztietarako sarrera librea izango da, edukiera bete arte, bertso bazkarirako izan ezik. Azken horretarako sarrerak Turismo Bulegoan eta Antiguako Ama tabernan daude eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna