(argazkia: Araba Euskaraz)

‘Lotuz lortu!’ lelopean ospatuko dute 2027ko Araba Euskaraz Argantzunen

Ekainaren 13an egingo dute jaia, Argantzun Ikastolak antolatuta eta Arabako gainerako zazpi ikastolen laguntzarekin. Urte osoko egitasmoak Trebiñun euskarazko hezkuntza indartzea, ikastola sendotzea eta Trebiñuren eta Arabaren arteko loturak estutzea izango ditu helburu.

2027ko Araba Euskaraz jaialdiak Lotuz lortu! leloa izango du, ikastolen, familien, herritarren eta euskararen aldeko eragileen arteko elkarlana aldarrikatzeko. Argantzun Ikastolak bosgarren aldiz antolatuko du jaia, eta urte osoan zehar hainbat eragileren arteko elkarlana sustatuko duen egitasmoa garatuko dute.

Unai Mendizabal Araba Euskaraz Elkarteko lehendakariak eta Igone Zubizarreta Argantzun Ikastolako zuzendariak aurkeztu dituzte edizio berriaren helburuak. “Argantzunek hartuko du antolakuntzaren ardura, baina ez du bakarrik egingo bidea. Arabako zortzi ikastolen egitasmoa da hau”, adierazi du Mendizabalek.

Argantzun Ikastolaren etorkizuna

Trebiñuko familiek seme-alabak euskaraz hezteko zuten nahiari erantzunez sortu zen Argantzun Ikastola, 2003an, hamaika familiarekin. Ordutik, 40 eta 50 ikasle arteko komunitateari eutsi dio. Euskaraz ikasteko, jolasteko eta harremanak egiteko espazioa eskaintzen du, haur bakoitzaren erritmoak eta beharrak errespetatzen dituen hezkuntza-proiektuaren bidez.

Ikastolaren etorkizuna bermatzeko aukerak aztertzen ari direla azaldu du Zubizarretak. “Urte hau mugarria izango da. Trebiñuko familiek euskarazko hezkuntza-proiektu sendo bat izaten jarrai dezaten”, nabarmendu du.

Egitasmoak Trebiñuren eta Arabaren arteko loturak indartzea ere badu helburu. Horretarako, lurraldeko eragileekin elkarlana sustatuko dute, euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukerak zabaltzearekin batera. Mendizabalek Trebiñuko eta Argantzungo udaletan Trebiñu administratiboki Arabari lotzeko herri-galdeketa egitearen alde onartutako mozioak ere ekarri ditu gogora.

Bestalde, aurtengo irudiak Argantzungo Erdi Aroko zubia du oinarri. Zadorra ibaia zeharkatzen duen zubi historikoaren bidez, Argantzungo, Trebiñuko eta Arabako herritarren arteko loturak irudikatu nahi dituzte, muga geografiko eta administratiboen gainetik. “Zubiaren gaineko soro eta muino leunek Trebiñuko eta Arabako paisaia islatzen dute. Lur emankorraren irudiak ikastolen mugimenduak lurraldearekin duen errotzea adierazten du, eta euskara eta hezkuntza komunitate moduan ereiteko, zaintzeko eta hazteko oinarria dira”, azaldu dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna