Janus Lesterrek ‘Popera’ diskoa eta film musikala aurkeztuko ditu Donostian

Musika eta zinema uztartzen dituen proiektua azaroaren 26an estreinatuko dute Antzoki Zaharrean. Aitor Arangurenek zuzendutako filmak bestelako bizimoduak eta harremanak irudikatzeko aukerak aztertzen ditu.

Jokin Pinatxok gidatzen duen Janus Lester taldeak Popera disko berria eta izen bereko film musikala estreinatuko ditu azaroaren 26an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Jokin Pinatxok berak aurkeztuko duen emanaldian, publikoak disko osoa lehen aldiz entzuteko eta haren istorioa pantaila handian ikusteko aukera izango du, 20:00etatik aurrera.

Beste bizimodu bat irudikatzeko gai ez den pertsona baten bidaia du abiapuntu Poperak. Bidean ezagutuko dituen pertsonek protagonistaren ikuspegia aldatuko dute, eta ordura arte ziurtzat jotzen zituen ideiak zalantzan jartzera eramango dute. Harreman horien bidez, irudimenak eta besteekin izandako topaketek bizitza ulertzeko moduan izan dezaketen eragina aztertzen du lanak.

Musikak eta irudiek elkarrekin egiten dute aurrera kontakizunean, protagonistaren bilaketa eta inguruko pertsonen bizipenak gurutzatuz. Hala, bizitzeko eta harremanak izateko bestelako aukerak esploratzen ditu proiektuak.

Aitor Aranguren arduratu da filmaren zuzendaritzaz eta muntaketaz, Jokin Pinatxo eta Edurne Azkarateren sormen zuzendaritzapean. Ikus-entzunezko ekoizpena Mugak egin du. Filma euskaraz da eta ez du azpititulurik izango.

Estreinaldirako sarrerek zortzi euro balioko dute, eta urriaren 27an, 11:00etan, jarriko dituzte salgai Donostia Kulturaren webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan. Emanaldiaren egunean Antzoki Zaharreko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira

Zabaldu:

Utzi erantzuna