Galbahe taldea

Galbahe taldeak azken lau kontzertuak iragarri ditu

Azaroaren 7an Lesakan, 8an Iruñean, 13an Orion eta 15ean Gasteizen ariko da taldea. Gotzon Barandiaranen Galbahea poema liburuan oinarritutako lehen diskoa 2025eko abenduan aurkeztu zuten.

Galbahek azken txanpari ekingo dio Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko diskoaren birari. Taldeak lau emanaldi eskainiko ditu azaroan, eta Gasteizkoa izango da azkena. Gotzon Barandiaranek iragarri duenez, “azaroaren 15ean elkartuko da Galbaheako kilkerbatza azkenekoz”.

Azken kontzertuak azaroaren 7an izango dira Lesakako Arranon, 18:00etan; azaroaren 8an Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan; azaroaren 13an Orioko Kultur Etxean, 19:00etan; eta azaroaren 15ean Gasteizko IAKen, 19:00etan.

Gotzon Barandiaranek Galbahea poema liburua argitaratu zuen 2024ko maiatzean, Susa argitaletxearen eskutik. “Ordurako, liburuko zenbait poema kanta bihurtuak genituen, zuzenean aurkezteko asmoz. Halaxe estreinatu genuen Literaturian Ez gara dena ahazteko nahiko biziko sentikaria, zeina, ondoren, besteak beste, Donostian, Getxon, Hondarribian, Lemoan edota Oiartzunen ere jendarteratu genuen”, azaldu du Larrabetzuko idazleak.

Barandiaranekin batera, Lander Bilbaok, Mariana Blancok, Rafa Ruedak, Urdin Baraiazarrak eta Uxue Garciak osatzen dute taldea. Kantuak zuzenean eskaintzen hasi ondoren, grabatzea erabaki zuten, eta 2025eko abenduan aurkeztu zuten lehen diskoa, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean.

Diskoko kantuen hitzak Galbahea liburutik hartuak dira, Wafa kantukoak izan ezik; azken horiek Koldo Izagirrek idatzi zituen. Grabazioan Amets Arangurenek, Gaizka Sarasolak, Gorka Urbizuk eta Maia Iribarnek ere parte hartu zuten.

Zabaldu:

Utzi erantzuna