'Nor naizen baneki' antzezlana

Axut! antzerki kolektiboari Hendaiako bulegoa uzteko eskatu diote

Herriko etxeak hitzarmenaren amaiera eta aurrezteko beharra argudiatu ditu. Antzerki taldeak euskararen egoera kritikatu du, eta Ipar Euskal Herrian izandako hainbat gertakari salatu ditu.

Axut! antzerki kolektiboak jakinarazi du Hendaiako bulegoa uzteko eskatu diotela. Herriko etxeak hitzarmenaren amaiera eta aurrezteko beharra argudiatu dizkio taldeari, eta erabakia politikoa ez dela azaldu. Axut!ek, ordea, euskararen eta euskal kulturgintzaren egoerarekin lotu du gertatutakoa, eta Ipar Euskal Herrian izandako beste hainbat erabaki ere salatu ditu.

Oharrean, Ipar Euskal Herrian euskararen inguruan izandako beste hainbat gertakari ere aipatu dituzte. Axut! konpainiaren arabera, Iparraldeko (su)prefeta Seaskak jasotzen duen dirua ezeztatzen saiatu da, Larresoroko euskarazko karrika-izen bat debekatu du, hainbat herriko etxek euskara onestea eragotzi du, Itsasuko margolan bat debekatu du eta ikasleen elkarretaratzeak debekatzen ere aritu da.

Kolektiboak ironiaz erantzun dio erabaki horiek politikotzat ez jotzeari: “Eta legea frantsesez edo gaztelaniaz idazten da. Horrela da. Frantsesa edo gaztelania; ez da politikoa”.

Beste herri batzuetan ere beren antzezlana eskaintzen saiatu direla jakinarazi dute, baina ez dutela lortu. “Gure hizkuntza zokoratua da, eta harekin bat hizkuntza hori haragitzeko eskura dugun kultur tresneria guztia”, adierazi dute. Mezua honela amaitu dute: “Eguraldia, gas negargarriak, makila eta antzerkia izango dira gure udazkeneko aldagai kulturalak”.

Nor naizen baneki antzezlana, azken txanpan

Axut!ek eta Artedramak Nor naizen baneki antzezlanaren azken emanaldiak eskainiko dituzte datozen hilabeteetan. “Guztiaren gainetik, herriz herri, plazaz plaza, Nor Naizen Baneki antzezten jarraitzen dugu, baina emanaldien azken txanpan sartu gira. Urtarrilean lurperatuko dugu Irulegiko lurretatik ateratako obra”, iragarri dute.

Ipar Euskal Herriko azken emanaldiak azaroaren 10ean izango dira Larresoron eta azaroaren 20an Senperen. Azken horretan ikasleei ere ateak zabalduko dizkiete. “Lekua eginen diegu eta entzunen ditugu, kontakizun kolektibo hau haiena ere baita”, azaldu dute.

Ikasleei buruzko beste adierazpen bat ere egin dute: “Batzuek gazteriarekin solasteko makila edo gasa darabiltenean, guk beste bide batzuk jorratuko ditugu. Ez da politikoa, kulturala da”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna