Koldo Mitxelena

Bost ikertzaileren lanak saritu dituzte Euskarazko Tesien IX. Koldo Mitxelena sarietan

Isabel Etxeberria, Alexander Gallarreta, Usue Olatz Aspiazu, Ion Iñaki Zendoia eta Iñaki Iurrebaso izan dira saridunak. Aurten 57 tesi aurkeztu dira, eta deialdia lehen aldiz zabaldu da EHUz kanpoko unibertsitateetara.

Euskarazko Tesien IX. Koldo Mitxelena sarietako irabazleak jakinarazi dituzte Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Euskaltzaindiak. Euskarazko doktorego-tesiak sustatzeko sortutako sariek bost jakintza-arlotako ikerketak aitortu dituzte, eta saridun bakoitzak diploma eta 3.000 euro gordin jasoko ditu azaroaren 30ean, Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan.

Artea eta Giza Zientzien arloan, Isabel Etxeberria Ramirez saritu dute, euskarazko literatura-testu itzulien eta ez-itzulien lexikoak alderatzen dituen tesiagatik. Ingeniaritza eta Arkitekturan, Alexander Gallarreta Cantelik jaso du saria, behe-tentsioko banaketa-sareetako emisio gidatuen neurketari buruzko lanagatik.

Zientzien arloan, Usue Olatz Aspiazu Iturberen ikerketa nabarmendu dute, emultsio-polimerizazioko prozesuetan partikulen tamaina monitorizatzeari buruzkoa. Osasun Zientzietan, Ion Iñaki Zendoia Beaumont saritu dute, Q sukarraren agerraldiei buruzko tesiagatik. Gizarte eta Lege Zientzietan, berriz, Iñaki Iurrebaso Biterik jaso du aitortza, hizkuntza gutxituen bilakaera neurtzeko tresna metodologikoak garatzeagatik.

Aurtengo deialdian 57 tesi aurkeztu dira: 17 Gizarte eta Lege Zientzietan, 15 Artea eta Giza Zientzietan, 11 Osasun Zientzietan, 10 Zientzietan eta lau Ingeniaritza eta Arkitekturan. Horietatik 54 EHUkoak dira, eta Deustuko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Universidad de Navarrako bana.

Euskaltzaindiak adierazi duenez, “Mitxelena sariak orain dela 16 urte eman ziren estreinakoz, eta euskarazko doktorego tesiak sustatzeko helburuarekin sortu ziren. Sariek, euskarazko zientzia bultzatzeaz gain, ikertzaile gazteen lana aitortzen dute eta prestigioa ematen diote euskarari, maila goreneko aitortza eginez”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna