Alberdania argitaletxeak kaleratutako narrazio sortak lanaren presioa, autoesplotazioa eta teknologiaren eragina lantzen ditu. Irati Retolazaren ilustrazioek osatzen dute obra, testuaren irakurketa eta interpretazio berriak proposatuz.
Itziar Otegi idazleak eta Irati Retolaza ilustratzaileak Izarren hautsaren erabilera berriak liburua aurkeztu dute, Alberdania argitaletxearen eskutik. Narrazio sorta bat da, ilustrazioekin aberastua, eta osotasunean saiakera moduko bat eratzen duena. Otegik azaldu duenez, liburuaren ardatza da “nola ari den aldatzen lanarekin dugun harremana, eta zer-nolako eragina duen horrek gugan”.
Kontakizuna eraikin adimendun bateko igogailuan abiatzen da. Itzalaldi orokor baten ondorioz, elkar ezagutzen ez duten lau gazte bertan harrapatuta geratzen dira: irudigile bat, ikertzaile bat, itzultzaile bat eta oposiziogile bat. Kanpotik bosgarren pertsonaia bat gehituko zaie, Damaris garbitzailea, eta haien arteko hausnarketak eta abenturak hasiko dira. Istorioak laborategi erraldoi batera ere egiten du jauzi; bertan, “izar-hautsezko gailuak”, gizakiak alegia, probatzen dituzte, haien hauskortasuna eta neke-mugak aztertzeko.
Thriller soziala, fikzio zientifikoa, satira teknopolitikoa eta mito klasikoen berrirakurketa uztartzen ditu obrak. Egiturari dagokionez, “testu hibridoa eta heterogeneoa da, etena, zatikatua”, Otegiren hitzetan. Beste idazle, filosofo, kantari eta blogari batzuen aipuak ere txertatu ditu, artikulu zientifikoen konbentzioekin jolastuz.
Idazleak azaldu duenez, izarren hautsaren ideiaren bidez “gizakiaren –eta oraintsu arte gizakiarenak jotzen ziren zenbait ahalmenen– instrumentalizazioa eta merkantilizazioa” bistaratu nahi izan ditu. Intuizioari jarraituz idatzitako lana dela dio, eta izaera performatiboa ere baduela, “gauzatu egiten delako aldezten den hori: sormena eta umorea, ondoezaren kontra”.
Ilustrazioak, pentsatzeko eta interpretatzeko beste modu bat
Irati Retolazak liburuaren izaera hibridoa eta zatikatua hartu du ilustrazioen abiapuntutzat. Arkatza izan du tresna nagusi, marrazkia ideiak garatzeko eta pentsatzeko modu gisa ulertuta. “Zirriborroari eta zehaztasun ezari balioa eman nahi izan diet”, adierazi du ilustratzaileak.
Kapituluen artean harreman-sare bat eraikitzen saiatu dela aipatu du Retolazak, errepikapenen, erreferentzien eta forma partekatuen bidez. Irudietan gorputzaren eta formaren hibridotasuna landu du; hatz isolatuak, buru-arrautzak, hatz-eskailerak eta esku-txoriak agertzen dira, besteak beste. Retolazak nabarmendu du ez duela irudi bakoitza testuaren esanahia azaltzeko erabili nahi izan: “Aitzitik, irudien arteko harremanek beste irakurketa eta interpretazio batzuk irekitzeko aukera interesatu zait”.
Aritz Galarraga editoreak, berriz, liburuaren “ausardia eta gaurkotasuna” azpimarratu ditu. Haren iritziz, obrak “lanaren presioa, autoesplotazioa, teknologiaren nagusitasuna eta gizakiaren hauskortasuna” jartzen ditu erdigunean. Halaber, gizakiaren balioa produktibitatearen edo errendimenduaren arabera neurtzen duen ikuspegia zalantzan jartzen duela dio: “Badago gure baitan neurtu ezin den zerbait: sortzeko gaitasuna, besteekin harremanak eraikitzeko beharra eta bizitzeko gogoa”.