Biolentzia difuminatua, nostalgia, itxaropena eta kontraesanak ditu ardatz lan berriak. Popa, rocka eta elektronika uztartu dituzte, Sila Lua, Belako eta Eider Villalbaren kolaborazioekin.
Marte Lasarte taldeak Kea, argiak eta kontraesanak estudioko bigarren diskoa argitaratu du gaur. Garai lainotsuei begiratzeko eta hausnartzeko gonbidapena da lan berria, biolentzia difuminatua, nostalgia eta haren kontrako indarrak, itxaropenerako zirrikituak eta kontraesanak hizpide hartuta.
Profeten Lurraldea aurrerapen-kantuak itxaropen falta eta zerbait egiteko beharra jorratzen ditu. Mario Marmol abestian antiheroiak dira protagonista; diskoa irekitzen duen Kea eta isiltasuna kantak, berriz, aspaldiko munstro baten berragertzea eta komunitatearekin izan nahi dugun harremana ditu hizpide.
Diskoak begirada kolektibotik norbanakoaren kontraesanetara egiten du bidea Arraila kantuan, eta berriro ikuspegi kolektibora itzultzen da Argirik balego abestiarekin. Instrumental batek ixten du lana, eta streaming plataformetan argitaratuko ez duten kantu gehigarri bat ere badu: Rafa Berrio musikari eta idazle donostiarrari egindako omenaldia, Malakiasen laguntzarekin.
Musikari dagokionez, rockaren gordintasuna, poparen eta dark-poparen melodiak eta elektronikaren testurak uztartu dituzte, moldaketa sinfonikoei eta pasarte atmosferikoei ere lekua eginez.
Diskoan hainbat kolaborazio daude: Sila Lua Errepide kantuan, Belako Profeten Lurraldean eta Neomak taldeko Eider Villalba Kristalezko eguna abestiko koruetan.
Borja Antonek eta Pello Armendarizek sortu dituzte kantuak. Biek landu dute musika, eta Armendarizek idatzi ditu hitzak. Antonek soinu-ekoizpena eta grabaketen zati bat egin ditu; gainerako grabaketak eta nahasketak Haritz Harreguyren esku egon dira, eta Jon Badik egin du masterizazioa.
Diskoaren formatu fisikoa Jabi Rodriguezek diseinatu du, Gaur kolektiboan inspiratutako azalarekin. Argazkiak Iker Gozategik egin ditu.