(argazkia: Ondarroako Udala)

Juan Mari Agirreurretak irabazi du Augustin Zubikarai nobela beka

Gipuzkoarraren Leiho bat gehiago proiektua aukeratu dute aurkeztutako 27 lanen artean. Egileak 8.000 euro jasoko ditu, eta Elkarrek argitaratuko du eleberria, hemendik urtebetera.

Juan Mari Agirreurretaren Leiho bat gehiago proiektuak irabazi du Augustin Zubikarai nobela beka. Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak 27 proposamenen artean hautatu du lana. Idazleak 8.000 euroko saria jasoko du, eta urtebeteko epean amaitu beharko duen nobela Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

Eleberriko protagonista Joseba da. Gaztetan gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatzen diote, eta bizitzako azken fasea modu sakon, kontziente eta duinean bizitzea erabakitzen du. Bere bi seme txikiengan zer oroitzapen eta aztarna utziko duen ere kezkatzen du.

Epaimahaiak lanaren umorea eta goxotasuna nabarmendu ditu, gaiaren kutsu dramatikoarekin batera. “Idazkera dotorea, hausnarketarako aldartea, kultur erreferentzien ugaritasun eta egokitasuna, narratzaile desberdinen arteko ahots kontrastea eta baita argumentuan proposatutako egitura jolastia ere” goraipatu dituzte epaimahaikideek.

Agirreurreta Pasai Donibanen jaio zen 1977an, eta Aretxabaletan bizi da. Euskal Filologian lizentziatua eta Filosofian doktorea da, Jean-Paul Sartreri buruzko tesi batekin. Irakaslea da, eta Sartre bera, Victor Hugo eta Tomas Tranströmerren lanak euskaratu ditu. Leiho bat gehiago proiektua amaitzean, hauxe izango du sorkuntzazko lehenengo liburua.

Saria azaroaren 5ean emango diote Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jaialdian. Ekitaldi berean aurkeztuko dute iazko irabazle Ekaitz Herreraren Neguberria eleberria.

Zabaldu:

Utzi erantzuna