Mai Egurza ilustratzailearen lana eta ibilbidea omenduko dituzte Donostian

2025ean hil zen artistaren azken hamarkadako ilustrazioen originalak bildu dituzte erakusketa honetan. Gehienak argitaragabeak dira, eta azaroaren 21era arte egongo dira ikusgai Udal Liburutegi Nagusian.

Mai Egurza ilustratzailearen (1986-2025) omenezko erakusketa hartu du Donostiako Udal Liburutegi Nagusiak, Alderdi Ederren, Euskadi Fantastikoa 22 egitasmoaren barruan. Urriaren 30ean zabaldu zuten erakusketa, eta azaroaren 21era arte bisitatu ahal izango da. Jorge Madejon arduratu da komisariotzaz.

Erakusketak Egurzak azken hamarkadan sortutako ilustrazioen originalak biltzen ditu, gehienak orain arte argitaratu gabeak. Akuarela izan zen artistak gehien erabili zuen teknika, eta haren bidez garatu zuen bere estiloa, adierazkortasunak, fintasunak eta arte tradizionalarekiko zaletasunak ezaugarritua.

Haur eta gazteentzako ilustrazioan aritu zen bereziki Egurza, baina komikigile, kartelgile, pertsonaien diseinatzaile eta ilustrazioko irakasle ere izan zen. Irun eta Bartzelona artean bizi izan zen, eta Gasteizko Diseinu Eskolan eta Bartzelonako Escola Joso ikastetxean ikasi zuen ilustrazioa. Dena den, autodidakta gisa garatu zuen bere artea.

2011tik aurrera, ipuinak, haur eta gazteentzako liburuak eta komikiak ilustratu zituen hainbat argitaletxerentzat, tartean Norma Editorial, Larousse, Bromera, Dibbuks eta SM. Bere lanen artean daude El paseo de los sueños, Mi abuela no se recuerda de mi nombre eta Printzesa eta Ergela. Lehenengo lanarekin Prix Espoir saria irabazi zuen Chamberyn, baita Premieres Planches saria ere, Marseillan.

Bere azken lanetako bat 2026ko dFeriako kartela izan zen. Egurzak hasitako kartelaren sorkuntza-prozesua Raquel Rodenasek osatu zuen.

Donostiako erakusketaren ondoren, Egurzaren ilustrazioak Irunen ere izango dira ikusgai, 2027an, Carlos Blanco Aguinaga Kultur Gunean (CBA).

Zabaldu:

Utzi erantzuna