Iberiar penintsulan orain arte aurkitutako espezie horretako ale gazte baten eskeleto oso bakarra da. Burumendi Espeleologia Taldeak 2023an aurkitu zituen aztarnak, eta Gordailuan aurkeztu dituzte ikerketa- eta zaharberritze-lanen ondoren.
Duela 31.500 urte inguru bizi izan zen haitzuloetako lehoi baten (Panthera spelaea) eskeletoa aurkeztu dute Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan. Aztarnak 2023ko martxoan aurkitu zituzten Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeko kideek, Mendaroko Arno mendigunean dagoen Ormola Bide Ondoko Leizean.
Orain arte egindako azterketen arabera, animalia bi eta hiru urte arteko arra zen. Aurkikuntzaren garrantzia eskeletoaren osotasunean eta alearen adinean datza, Iberiar penintsulan ez baita ezagutzen espezie horretako beste ale heldugabe baten eskeleto osorik.
Burumendi taldeko kideek galeria berri bat miatzen ari zirela aurkitu zituzten gorpuzkiak, horietako batzuk oraindik anatomikoki lotuta. Fosilak berreskuratzeko lanak 2023ko abendutik 2024ko martxora bitartean egin zituzten, Asier Gomez Olivencia paleontologoaren zuzendaritzapean.
Erauzketa bereziki zaila izan zen, eskeletoa galeria estu eta malkartsu batean sakabanatuta baitzegoen. Hezurrak haitzuloko hormen kontra jo gabe ateratzeko, soka bidezko garraio-sistema berezia prestatu zuten.
Berreskuratutako aztarnak Gordailura eraman zituzten, kontserbatzeko eta leheneratzeko. Ikerketak martxan jarraitzen du, EHUren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen zuzendaritzapean. Lortutako datuak Europako beste fosil batzuekin alderatuko dituzte, haitzuloetako lehoien hazkundea hobeto ezagutzeko. Vienako Unibertsitateko talde batekin DNA-analisiak egiteko laginak ere hartu dituzte.
Haitzuloetako lehoiak duela 14.000 eta 12.000 urte artean desagertu ziren. Mendaroko aurkikuntzak espezie horren hazkundea eta garapena ikertzeko aukera berriak eskaintzen ditu.