Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia pasa den asteko aurkezpenean (argazkia: Kultur Sharea)

‘Dudak dakarrena’ liburuaren sormen-prozesua erakutsiko dute Donostiako Okendo kultur etxean

Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak osatutako bigara bikotearen lana izango da ikusgai azaroaren 13tik urtarrilaren 9ra. Erakusketak ilustrazioak, zirriborroak, collageak eta sorkuntza-prozesuko bestelako materialak bilduko ditu.

Dudak dakarrena erakusketa zabalduko dute azaroaren 13an Donostiako Okendo kultur etxean, Literaktum jaialdiaren barruan. Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak osatutako bigara bikote sortzaileak pasa den astean, izen bereko nobela ilustratua aurkeztu zuten Pamiela argitaletxearen eskutik, eta lan horren sormen-prozesua izango da erakusketaren ardatza.

Liburuak baldintza berezi bat du: narrazioko hitz guztiak D letrarekin hasten dira. Diogenes dromedarioaren gorabeherak kontatzen ditu, eta testutik abiatuta mundu kontzeptual, grafiko eta sortzailea garatu dute egileek. Duda eta denbora dira proiektuaren funtsezko kontzeptuak, hizkuntzaren eta irudiaren mugekin egindako esperimentazioaren bidez landuak.

Erakusketak liburuaren atzean dagoen ikerketa- eta sorkuntza-lana ezagutzeko aukera eskainiko du. Lehen ideiak, eskemak, zirriborroak eta frogak izango dira ikusgai, baita tintaz egindako marrazkiak, collageak, ilustrazio digitalak eta hitzekin osatutako konposizioak ere. Material horien bidez, publikoari sormen-prozesuan parte hartzeko eta obrarekin jolasteko gonbita egin nahi diote.

Aranburuk eta Garciak Arte Ederrak ikasi zituzten, eta hezkuntza-metodologietan zein diziplinarteko sorkuntzan sakondu dute. Aurretik Abere ba (Pamiela, 2020) lana ere sortu zuten, eta Ixiar Rozasekin elkarlanean hainbat argitalpenen irudia garatu dute.

Erakusketarekin batera, bi jarduera antolatu dituzte. Azaroaren 18an, 19:00etan, bikoak testuaren sormenari buruzko solasaldia egingo dute, Literaktumen barruan. Abenduaren 10ean, ordu berean, irudien sormenari buruzko hitzaldia izango da. Bi saioetarako sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Erakusketa 2027ko urtarrilaren 9ra arte egongo da ikusgai, Okendo kultur etxeko erakusketa-areto berrian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna