Azaroaren 13tik 15era, kulturgintzari buruzko gogoetak, musika, literatura eta bertsolaritza uztartuko ditu egitarauak. Harkaitz Cano, Maite Larburu, Gartxot eta Katixa Agirre izango dira parte-hartzaileen artean.
Hitzen Lihoaren bederatzigarren edizioa egingo dute Oiartzunen, azaroaren 13tik 15era, Haize kontra lelopean. Aurtengoan, haize kontra ibiltzea jarrera eta bizitza ikusteko modu gisa proposatu dute antolatzaileek, komunitateari bestelako ikuspegiak eskaintzeko asmoz.
Ostiralean abiatuko da egitaraua, 19:00etan, Landetxe Kultur Aretoan. Harkaitz Canok manifestua irakurriko du, eta Maite Larbururen emanaldia izango da ondoren.
Larunbatean, kulturgintzaz gogoetatzeko saio irekia egingo dute, 10:00etatik 13:00etara. Herri kulturaren eta kultura garaikidearen arteko eztabaida eta ezkerraren kultur eredua izango dituzte hizpide. Maialen Akizu, Edurne Azkarate, Paul Beitia eta Iratxe Retolaza ariko dira saioan. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da azaroaren 12ra arte. Arratsaldean, 19:00etan, Gartxotek kontzertua eskainiko du Garazi Esnaolarekin batera, Bizirik gaude biraren barruan.
Igandean literaturak eta bertsolaritzak hartuko dute protagonismoa. Kontzejupean, III. Liburu Azoka Ttikia egingo dute 10:00etatik 13:30era, eta Katixa Agirreren Berriz zentauro liburuaren irakurketa jarraitua izango da 10:30etik aurrera.
Egitaraua Girizia elkartean amaituko da, bertso bazkari literarioarekin. Bazkaria 14:00etan hasiko da, eta 16:00etan Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Aitor Servier ariko dira bertsotan, Katixa Agirre gai-jartzaile dutela.
Ostiraleko gonbidapenak eta larunbateko kontzerturako sarrerak sarrerak.oiartzun.eus webgunean eskura daitezke. Igandeko bertso bazkarirako erreserbak, berriz, hitzenlihoa@gmail.com helbidean egin behar dira.