Museoak 1976an sortutako Izenbururik gabe obra erosi du aurten, eta Nabarmendutako obra programaren barruan erakutsiko du 2027ko otsailaren 28ra arte.
Vicente Ameztoy Olasagasti margolariaren (Donostia, 1946 – Villabona, 2001) Izenbururik gabe koadroa ikusgai dago Donostiako San Telmo Museoan. Artistaren heriotzaren 25. urteurrenarekin bat eginez, aurten erositako margolana Arte Historikoaren aretoan jarri dute, 2027ko otsailaren 28ra arte. Mihise gaineko olio-pintura da, 130 x 161,7 zentimetrokoa.
1970eko hamarkadaren bigarren erdian, Ameztoy euskal artearen panoramako sortzaile nabarmenetako bat bihurtu zen. Garai hartan agertu ziren haren margolanetako txorimalo artikulatu bereizgarriak, nekazaritza-inguruneko materialez osatutako izakiak, hala nola lastoz, belarrez, adarrez eta egurrez. Pertsonaia horiek fantasiazko paisaietan kokatzen zituen, bere pintura gero eta figuratiboago, konplexuago eta narratiboagoan.
Izenbururik gabe obrak garai horretako ezaugarriak biltzen ditu. Gizakiaren eta landarearen arteko lau izaki hibrido ageri dira paisaia elurtu batean, artilea saltzeko postu baten itxura duen mahaiaren atzean. Mahai gainean lorontziak, harilak eta artilezko matazak daude. Mahai-zapitik irteten den xafla batean, berriz, Woolmark ikurraren irudikapena ageri da.
Ameztoyren sormen-unibertsoan herri-tradizioek ere izan zuten eragina. Artistak Lantzeko inauteriak eta Suitzako antzinako erritual bat aipatu zituen bere erreferentzien artean.
San Telmo Museoak 2023an abiatu zuen Nabarmendutako obra programa, ezaugarri, gaurkotasun edo berezitasunagatik aipagarriak diren lanei arreta eskaintzeko. Orain arte, besteak beste, Maria Paz Jimenezen, Joan Miroren eta Esther Ferrerren obrak erakutsi dituzte egitasmoaren barruan.